Uztailaren 14tik 27ra ospatuko ditugun Santixau jaiek, jada, egitaraua prest dute

21.06.13
Kultura eta Gazteria

2013ko Santixau jai nagusiek badute prest egitaraua. Jardueren zerrenda zehaztu eta itxia utzi zen Ja Batzordeak orain zortzi egun egindako azken bileran. Aipatu egitarau hori jada moldiztegian dago inprimatu ditzaten eta egun gutxi barru banatuko da, argitara eman ostean. Jaiak uztailaren 14tik 27ra bitartean ospatuko ditugu eta hamabi egun luze horietan 101 jarduera izango ditugu aukeran gozatu eta ondo pasatzeko. Orotariko jarduerak izango ditugu adin eta gustu guztiak asetzeko. Egitaraua gauzatzen Jai Batzordea eratzen duten herriko 30 talde izango dira, horien lanik eta ekarpenik gabe ez bailitzake posible horrelako egitarau borobila prestatzea. Jaietarako aurrekontua ia ehun eta laurogeita hamar mila euro dira, iazkoa beste, 188.900 € hain zuzen.

Programan leku oso esanguratsua izango du musikak, baina kultur, kirol, gizarte , tradizio eta gaurko jarduerak ere izango ditu publiko guztiei zuzenduak, haur, gazte nahiz nagusientzat. Jarduerak herriko hainbat lekutan gauzatuko dira: Orbe Kardinalaren plazan, Valdespina parkean, San Pelaion, Santa Anako txosnen eremuan, Ongarai Eskolako patioan, Betiondon, kiroldegian, San Antonioko baselizan, eta bar… Jarduera azpimarragarrien artean, ahoa betetzen hasteko, esan, Mclan, Hesian eta Fórmula V taldeen kontzertuak izango ditugula, Markeliñe eta Scura antzerki taldeen kale emanaldiak, Martínez de Irujo eta Zubieta pilotari handien partidak, eta Iñazio Perurena kirolari handienaren presentzia. Baina, landuko dugu gauza bakoitza zabal eta luze datozen asteetan.

Programari dagokionez gauzarik esanguratsuenak ondoren zerrendatzen ditugunak dira:

  • Uztailaren 26an Gazte asanbladak Gazte Eguna deritzanaren baitan gauzatuko dituen jarduerak Santa Anan, txosnen eremuan egingo direla.
  • Castelloneko Sacura taldeak Correfocs ikuskizuna ekarriko du uztailaren 26an, San Pelaio parkera.
  • Rock euskaldunaren kontzertua Hesian talde nafarrak emango du uztailaren 27an, Zezen egunean, jaiei hasiera eman aurretik ez dugulako izan bi asteburu jarraian.
  • Aurten uztailaren 25, 26 eta 27ko haurrentzako parkea eta atrakzioak San Martin plazan jarriko dira, San Pelaion jarri ordez.
  • Rallye Slota San Antoniko baselizan egingo da.
  • Valdespina parkeko musika emanaldiak berezituko dira, tartekatzeko joerari amaiera emanez. Horrela 26an musika elektronikoa izango da eta 24 eta 27an rocka.

Urtero bezala txarangen arteko jolasak, txupinazoa, bazkari herrikoiak kalean, paella lehiaketa, pertsona nagusien omenaldia, sokamuturrak eta suziriak ere ez dira faltako. Gero eta gutxiago falta da. Guztion irrikitan gaude!

Jarraian programa uzten dizuegu word formatuan, maquetatu eta konposatu aurretik, ezagutzen joan dadin. Moldiztegitik jaso bezain pronto eskainiko dizuegu bertsio dotorea.

Lotutako albisteak

Imagen
26.01.26
Datorren larunbatean, aurtengo lehen ‘Story time’ saioa egingo da

Ingelesezko ipuin kontaketa arratseko 5 eta erdietan hasiko da, Hannah Berry kontalariarekin
Imagen
21.01.26
Paloma San Basiliok ‘Dulcinea’ ikuskizuna aurkeztuko Ermua Antzokian

Ez dago sarrerarik eskuragarri, guztiak saldu direlako
Imagen
20.01.26
Antzokiak bi ekoizpen espainiar, azpitituludun eta animazio bana proiektatuko ditu aste honetan

‘Frontera’ eta ‘Rondallas’ dira programazioaren ardatz; zinelubean ‘Father, mother, sister, brother’ eta haurrentzako saioan ‘200% Wolf’ emango