200 inkesta Adikzioen eta Osasunaren Sustapenerako Plan berria eratzeko

12.12.16
Gizartea

Drogamenpekotasunen Prebentziorako udal zerbitzua gure herrirako Adikzioen eta Osasunaren Sustapenerako Plan berria garatzeko lanetan ari da, aurreko plana amaitzen denerako. Bide horretan, orain arte indarrean egon den plana ebaluatu nahi da lehenbizikoz, eta egindako ibilbidea aztertu oinarri gisa erabiltzeko. Funtzionatu duena berriro kontuan hartuko da, eta plan berrirako helburuak eta jorratu beharreko bideak proposatuko dira, egungo gizartea eta ohiturak kontuan izanda.

Dokumentu berriaren garapenerako, Ortzadar enpresaren laguntza eta aholkularitza jasoko du drogamenpekotasunen prebentziorako udal zerbitzuak. Enpresa horrek elkarrizketak eta inkestak egingo dizkie herriko gizarte agente ezberdinei (elkarteak, ikastetxeak, gremioak, etab.) eta hiritarrei, orokorrean, Ermuaren diagnostikoa egiten lagundu dezaten.

Elkarrizketak aurrez programatuta eta hitzartuta egongo dira, eta datozen egunetan herriko biztanleen artean lagina osatuko da telefono bidez. Lagina ausazkoa izango da, eta 200 inkesta egingo dira telefonoz. Hizketaldiak anonimoak eta konfidentzialak izango dira; beraz, herritarrei aktiboki, onestasunez eta estereotipoetatik at parte hartzeko eskatzen zaie.

Inkesten helburu nagusiak honakoak dira:

  • Udalak adikzioen eta prebentzioaren arloan egiten dituen ekintzen inguruan dugun ezagutza mailaren informazioa biltzea.
  • Herrian substantzia estupefazienteen kontsumoaren inguruan dagoen ikuspuntua ezagutzea.
  • Elkarrizketatutako pertsonek egin nahi dituzten iradokizunak eta ekarpenak jasotzea.

Inkesten bitartez jasotako informazio guztia Ermuko Adikzioen eta Osasunaren Sustapenerako Plan berrian islatuko da. 2017an zehar plana amaitzea eta onartzea espero da.

Lotutako albisteak

Imagen
06.02.26
Emakume eta neska zientzialarien Nazioarteko egunaren atarian

Ermuak dibulgazio tailerrak antolatu ditu egun horretarako
Imagen
04.02.26
‘Nire liburutegia, zure liburutegia' senidetze-proiektura batuko udal Liburutegia

Bihar 18:00etan Burjassot-eko (Valentzia) Liburutegiarekin konexioa egingo da
Imagen
03.02.26
‘Minbiziaren Kontrako Mundu Egunean' arreta gizatiarragoa eta integralagoa aldarrikatuko

Herriko bolondresak informazio mahaia, Ermua KEko taldeetan besokoa eta argiztapen berde berezia Antzokian eta udaletxean