Oilarraren joko tradizionalak emango die hasiera gaur 2019ko Inauteriei

28.02.19
Kultura eta Gazteria

Hementxe dira Inauteri jaiak! Urteko festarik koloretsuenak gaur, ostegun gizena, hasiko dira Ermuan ohiko oilarraren jokoaren eskutik. 16:00etan ekingo zaio jolasari Orbe Kardinala plazan, eta horren ondoren, 17:30etik aurrera, Xaibor DJak diskofesta alaia eskainiko du gaztetxoentzat.

Ostiral argalean, Hartza Eguna ospatuko dugu Anaitasuna eta Eskolabarri ikastetxeek, Udal Euskaltegiak, AEK Kaltxangok, Txindurri Dantza Taldeak eta Euskal Birusak antolatuta eta Laboral Kutxak eta Udal honek babestuta. Kalejira 18:30ean abiatuko da, baina plazaren ordez, Santixaupeko iturria izango da aurten abiapuntua. Ekimena kolorez betetzeko, euskal herriko inauterietako jantziak, koko jantziak, jantzita eramateko gonbitea luzatu dute antolatzaileek bat egin eta parte hartuko duten guztiei.

Larunbata, martxoaren 2a, izango da Inauteri jaietako egunik osoena. 12:30ean hasiko da egitaraua, kuadrillen arteko kalejira-lehiaketaren lehenengo edizioarekin. Irulitxa txarangak ere parte hartuko du eguerdiko kalejiran, eta kuadrilla irabazlea 20:00etan jakinaraziko da. Ordura arte, baina, haurrak izango dira protagonista. 17:30ean txokolatada izango dute, 18:00etan erromeria TTR taldearekin eta 19:30ean mozorro lehiaketa. Gauean, 23:00etatik aurrera, Los40k prestatutako DJ jaiak girotuko ditu Inauteriak herritar guztientzat.

Azken jaieguna martxoaren 5a, asteartea, izango da, eta haurrentzako diskotekarekin hasiko dira jarduerak 16:00etan. La Baldufaren Zeppelin kale ikuskizuna izango dugu 18:00etan, eta Ustekabe txaranga herriko kaleetan zehar abiatuko da 19:00etatik aurrera. Jaiei amaiera emateko, Oihan Vega DJ ezagunak diskofesta eskainiko du 23:00etan.

Ekitaldi guztiak Orbe Kardinala plazan izango dira; euria egingo balu, aldiz, Aritzmendi pilotalekuan. Programa osoa, kartel irabazlearekin apaindua, lerro hauen ostean kontsultatu daiteke.

Lotutako albisteak

Imagen
27.01.26
Antzokiak ‘Vida privada' eta ‘El médico II' filmak proiektatuko ditu asteburu honetan

‘Aro berria' zineklubean eta ‘Abuela tremenda' haurrentzat, programazioaren beste proposamenak
Imagen
27.01.26
Hartza eta oilarra bateratu ditu Inauteriak iragarriko dituen kartel irabazleak

Kultura Sailak lehiaketako kartel irabazlearen berri eman du gaur, zeina Edurne Cacho aragoiarraren lana den eta animali biak bateratzen dituen
Imagen
26.01.26
Datorren larunbatean, aurtengo lehen ‘Story time’ saioa egingo da

Ingelesezko ipuin kontaketa arratseko 5 eta erdietan hasiko da, Hannah Berry kontalariarekin