Olentzerok agur esango dio 2022. urteari

30.12.22
Gizartea

Ordu batzuk baino ez dira falta 2022. urteari amaiera eman eta 2023an sartzeko, baina oraindik hitzordu oso garrantzitsu bat dugu urtea bukatu baino lehen. Izan ere, bihar, abenduak 31, Olentzero geure artera bueltatuko da berriz ere.

Euskal Herriko ikazkinik ezagunena urteko azken eguneko 18:00etan iritsiko da Ermura, pertsona helduen kalejira egiteko. Ohiko legez, Txindurri dantza eta txistu taldearekin batera kalejira alaian abiatuko da eta herriko kale nagusietatik igaroko da. Txindurrik Txistu eta Dantza taldeak parte hartzera deitu du, jarduerak bere berrogeita hamargarren urteurrena beteko baitu aurten. Desfilea Orbe Kardinala plazan amaituko da, eta parte-hartzaile guztiek kantuak abestuko dizkiote bertan. Ekitaldia amaitzeko, ohiturari jarraiki, Olentzeroren irudiari su emango zaio.

Euskal Herriko herri gehienetan Olentzeroren etorrera abenduaren 24an ospatzen bada ere, Ermuan 31n egiten diogu harrera. Horren arrazoia argitzeko gerra sasoira joan beharra dago, Olentzero ospatzeko kalera taldean irten ahal izateko agiri eta baimen guztiak behar ziren garaira, hain zuzen ere. Urte batean, baimenak ez ziren garaiz iritsi abenduaren 24rako, eta egun horretan ezin izan zen kalejirarik egin. Hala eta guztiz ere, ermuarrek ez zuten etsi eta baimenak eskuratu ahala, atzerapenez bazen ere, ekitaldia egitea erabaki zuten urteko azken egunean. Harrez geroztik, urtez urte, Olentzero abenduaren 31n etortzen da Ermura.

Lerro hauen ostean aurreko urteetako desfileko irudiak dituzue ikusgai.

Lotutako albisteak

Imagen
30.01.26
Imagen
30.01.26
Inauteriko programa prest, festa noiz iritsiko zain!

Ermua Inauteriak otsailaren 12tik 17ra bitartean ospatuko dira
Imagen
30.01.26
‘Bizkaia Adin Guztientzako Lurraldea' hausnarketa estrategikoan parte hartu du Ermuak

Tailer monografikoan egin da hausnarketa Urdulizko ‘Nagusi Intelligence Center' zentroan