Ate joka dator San Martin Azoka!

06.11.24
San Martin Azoka 2022
Kultura eta Gazteria
Euskara
Gizartea
Egitarau zabala izango da gozagarri larunbat honetan, azaroak 9, ospatuko den 34. edizioan

Elikagaiz, kolorez eta musikaz jantziko da Ermua larunbat honetan, azaroak 9, San Martin Azoka herrikoiaren XXXIV. edizioan. Herriko erdiguneko kaleetan 60 postu inguru kokatuko dira, jai giro ederrean produkturik onenak ikusi, dastatu eta erosi ahal izateko.

Aurreko edizioetan bezala, elikagai produktuen postu gehienak Orbe Kardinala plazan eta frontoian kokatuko dira, baita Zubiaurre eta Probaleku kaleetan ere. Bertan, inguruko herrietako produkturik onenak izango ditugu eskuragarri aurtengoan ere: 10 ekoizlek fruta eta barazkiak ekarriko dituzte, beste 7k gazta, 10ek ogia eta 5ek eztia. Sagardo eta txakolin modalitatean lau artisau lehiatuko dira, eta beste lau postu egongo dira gozoak, garagardoak, marmeladak eta ahatea bezalako produktuekin.

Hamabi artisautza postuak Santiago Plazatxoan eta Baldespina Markesa kalean kokatuko dira, erakustaldiekin eta tonbolarekin batera; euria egingo balu, aldiz, elizako arkupeetan.

Herriko ikastetxeek ere bat egingo dute San Martin Azokarekin, eta Eskolabarri, Anaitasuna Ikastola, Ermua BHI eta San Lorentzoko ikasleak Goiko parkean egongo dira euren produktuak saltzen.

Egitarau zabala

San Martin Azokako egitaraua 11:00etan hasiko da postu guztien irekierarekin. Orbe Kardinala plazan dantzak egingo dira, eta taloen eta saiheski-pintxoen postuek ere lanari ekingo diote. Ordu berean, artaldea herriko kaleetan barrena jaitsiko da, eta Martxoaren 8a plazan abereen eta hegaztien erakustaldia izango da. Idi parea, ohi bezala, Probalekuko harriaren alboan kokatuko da, eta jaia musika alaiz girotzeko, Bizkaiko gaiteroak eta Alboka Musika Eskolako trikitilariak kalejiran izango dira.

12:00etan herri kirolen erakustaldia hasiko da San Martin plazan, eta umeentzako jolasen gunea ere ordurako prest egongo da Euskaldun Berria plazan. Aldi berean, Iruñeko Alde Zaharreko Erraldoien kalejira abiatuko da Komentukua kaletik.

13:30ean nekazaritza postuen lehiaketako sariak banatuko dira, eta 14:00etan artaldeak etxera bideari ekingo dio. Ondo bazkaldu eta indarrak hartu ostean, Bizkaiko gaiteroekin kalejira egingo da 19:00etan, eta 19:45etik aurrera zozketak eta larraindantza egingo dira Orbe Kardinala plazan. Egunari amaiera borobila emateko, Goizargi taldeak erromeria eskainiko du 20:00etatik aurrera plazan.

Lotutako albisteak

Imagen
07.01.26
Antzokiak zineko lau genero anitz eskainiko ditu aste honetan

‘Ciudad sin sueño’, ‘La larga marcha’, ‘Playa de Lobos’ y ‘Tigre galdua’ proiektatuko ditu
Imagen
05.01.26
Berdintasun Sailak 2026ko martxoaren 8rako kartel lehiaketa deitu du

Aurten lanak formatu digitalean aurkeztu ahal izango dira, otsailaren 6ko 14:30etara bitartean
Imagen
05.01.26
Errege Magoen kabalgata ilusioz eta opariz beterik dator

Meltxor, Gaspar eta Baltasar Ermuan ibiliko dira ehunka lagunekin eta ehunka kilo gozoki banatuko dituzte