'Mierda de Ciudad' antezlana ikusgai Ermua Antzokia

Olatz Gorrotxategiren konpainiak 'Mierda de ciudad' antzezlana aurkeztuko du aste honetan Ermua Antzokian. Emanaldia bihar, ostirala, izango da 20:30etatik aurrera. Sarrerak 10 euro balio du, eta aurrez eskura dezakegu Lobiano Kultur Gunean eta, online, Internet bidez, Kutxabanken atarian. Gorrotxategik dramaturgia eta obraren zuzendaritza bere gain hartzeaz gain, pertsonaia bat ere antzezten du Aritza Rodríguez eta Marta Álvarez del Vallerekin batera.
'Mierda de Ciudad' izaera performatibo duen proiektu eszenikoa da. Lanak Euskal Rock Erradikalaren mugimendu kontrakulturala eta borroka eta musikaren testuinguru historikoa kontatzen ditu, analogia gisa westerna eta kolonizazio kulturala erabiliz. Hiru interpretek eta hiru artista kolateralek lehen pertsonan kontatutako istorioa.
Porrotari buruzko obra. Kolonoen karabanak leku hobe baten bila, berriro hasteko asmoz. Bere lekua bilatzen duen belaunaldi bat. Punka iritsi da. Duelu bat. Westernaren isiltasun existentziala.
Arnegari bat, horrelakoa izan nahi ez duena. Ni naizena naiz. Euskal diaspora Idahon eta Nebraskan. Cowboya txistuka. Hiru lagun 80ko hamarkadan hasi eta gaur, hemen, zure aurrean amaitzen den istorio bat kontatzen. Siux indiarrak euskal folklorea defendatzen. «Se busca» dioen kartel bat. Saloon bat hustea. Beste okupazio bat. Clint Eastwood soldadutzara joan nahi ez duela esaten. 1880. urtea. Bolbora eta goma 2a. Nuklearrik ez, ez hemen ez beste inon ere ez. Urrearen sukarra eta ontziolen itxiera. 1980a. 8.000 indiar eta cowboy Herrera de la Manchara bidean. 8.000 arnegari basamortua zeharkatzen, eta sheriff bat muino batetik zelatan. Pentsamenduaren etsipenari eta borroka kolektiboei buruzko istorioa. Zaldia. Zaldi-talde bat, trostan urruntzen. Belaunaldi baten amaiera. Polizia asko, dibertimendu gutxi. Porrota. Amerikako Estatu Batuetako erreserbak. Punkaren gotorlekuak. Biak erresistentzia bihurtuta. Zeruertza. Nire atzetik datorren jendea. Kolonizatzeko dagoen zelai zabal bat, nire atzean. Hoy. Es. El futuro. ‘La Polla Recordsek’ abesten zuen kantua.
Lotutako albisteak

Aste honetan "La chica de las Aguja", "Por todo lo alto", "Un funeral de locos" eta "La Luz de Aisha" proiektatuko ditu

Zineklubean ‘Misericorde’ eta haurrentzat 'Minecraft filme bat’ euskaraz emango dira

"Secretos de un crimen" eta "Kaixo Frida" filmek osatzen dute asteko programazioa