Abian dira eskola materialak herrian erosteagatiko dirulaguntzak

03.09.25
Hezkuntza
Erakundea
Ikasle bakoitzak 90 eurorainoko laguntza jaso dezake Ermuko dendetan ikasturterako beharrezko materialak erosteagatik

Badator 2025/2026 ikasturte berria, eta urteari behar bezala ekiteko, hainbat erosketa egin behar izaten dituzte ikasle nahiz familiek. Karga ekonomiko horiek arindu asmoz, Ermuko Udalak eskola materiala herrian erosteagatiko dirulaguntzak eskainiko ditu aurten ere, seigarren urtez jarraian. Ekimen honekin, familiei laguntzeaz gain, herrian bertan erosketak egitea ere sustatu nahi du Udalak.

Erosketak egin ahal izateko epea abian da urriaren 31ra arte, eta ikasle bakoitzak gehienez ere 90 euroko dirulaguntza jasoko du Ermuko dendetan egindako erosketen truke. Arropa, oinetakoak, kirol materiala, material informatikoa, betaurrekoak eta lentillak eta ikasturteko beste materialak (testu liburuak izan ezik) erostea hartzen ditu barne deialdiak.

Behin erosketak eginda, azaroaren 15era bitarteko epea izango dute interesdunek dirulaguntza jasotzeko eskaera aurkezteko. Gogorarazten dizuegu baldintza hauek guztiak bete behar direla laguntza eskuratu ahal izateko:

  • Ermuan erroldatuta egotea eta:
    • 2010eko urtarrilaren 1etik 2025eko urriaren 31ra bitartean jaio izatea (gurasoak hartuko dira laguntzaren onuradun gisa)
    • 2000ko urtarrilaren 1etik 2009ko abenduaren 31ra bitartean jaio izatea (16-25 urte). Adingabeen kasuan, gurasoak edo legezko tutoreak izango dira onuradunak
    • 2000ko urtarrilaren 1a baino lehen jaiotako langabea izatea
  • Eskolatuta egotea edo irakaskuntza arautuak edo okupazionalak burutzea (barne daude unibertsitateko ikasketak, masterrak eta doktoregoak, Helduen Hezkuntza, etab.)
  • Erosketak herriko dendetan egitea irailaren 1etik urriaren 31ra bitartean (biak barne)
  • Ermuko Udalarekiko zerga-betebeharrak egunean izatea; ez bada hala, eskaera bertan behera utziko da

Eskaerak aurkezteko epea zabalik

Irailaren 1etik azaroaren 15era bitartean aurkeztu ahal izango dira dirulaguntzak eskuratzeko eskaerak. Horretarako, eskabidearekin batera, egindako erosketaren faktura aurkeztu beharko da, onuradunaren izenean emana, eta erositako produktuen zerrenda erakusten duena. 16 urtetik gorako ikasleen kasuan, burutzen ari den ikasketen matrikularen egiaztagiria ere eskatuko da.

Eskaerak egoitza elektronikoaren bitartez egin ahalko dira, izapideen atalean "Eskola materialerako diru-laguntzen eskaerak" hautatu eta dagozkion pausoak jarraituz. Aurrez aurre nahiago izanez gero, Abiapuntun ere aurkeztu daitezke eskaerak, astelehenetik ostiralera 08:00etatik 15:00etara.

Lotutako albisteak

Imagen
26.11.25
Gabonetako argiak ostiralean piztuko ditugu Ermuan

Hiri Hezitzaileen Egunean jolasak izango dira ikasleentzat, txokolate-jana eta Gabon Postal lehiaketako lan irabazlea ezagutaraziko
Imagen
25.11.25
Ermua, emakumeenganako indarkeriaren aurka

Azaroak 25: herritarren elkarretaratzea, adierazpen instituzionala eta mobillizazio feminista
Imagen
21.11.25
2025eko Gabonetako erakusleihoen lehiaketa

Izen emate zabalik daude herriko merkataritza eta ostalaritza establezimendu ororentzat