-Esadazu euskaraz-, familientzako kanpaina berria

23.05.07
Euskara

Familientzako ‘Esadazu euskaraz’ kanpaina bultzatuko du euskara zinegotzigoak guraso izan berri direnen artean, jaiotzatik bertatik euskararen alde egitearen garrantzia azpimarratzeko. Sentsibilizazio kanpaina horren leloa, esan bezala, ‘Esadazu euskaraz’ da eta Bizkaiko udal zerbitzuetako teknikarien elkarteak, Alkarbidek, bultzatu du. Ekimenak EUDELen, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa ere badu. Kanpaina honen bidez hemendik aurrera udal euskara zerbitzuak Ermuko Erroldan seme-alaba bat inskribatzen duenari opari bat egingo dio. Opari xume hori jaioberrientzako adur-zapia eta otar-poltsatxo erabat praktikoak dira eta, horiekin batera doa, zinegotziaren eskutitza, hainbat gomendio jasotzen dituen hiru orrikoa eta udal liburutegiak gomendatutako liburu eta materialen gida bat.

Eskutitzean esaten denez “euskara Euskal Herriko hizkuntza izanda ere, galtzen joan da urteetan. Oraintsu arte babes ofizialik izan ez duenez, batik bat, familia barruko transmisioari esker iraun du. Belaunaldiz belaunaldi eta ahoz ahoko transmisio horrek gaur egun ere garrantzia itzela dauka. Izan ere, familia bidezko transmisioa dugu, zalantza barik, hizkuntza jasotzeko modu natural, aberats eta eraginkorrena. Egia da euskararen transmisioa familiaren esparrua gainditu eta gizartearen beste arlo batzuetara (eskola, telebista, aisialdia, …) zabaldu dela eta, beraz haurra ez da bakarrik etxean hezten. Baina horiek ez diote garrantzi apurrik kentzen, inolaz ere, familia bidezko transmisioari. Hizkuntza familian ikasi duten haurrak izan ohi dira euskaraz ondoen jakin eta arrunten erabiltzen duten helduak.

Horregatik guztiarengatik, eskutitzean seme-alabak euskalduntzeko prozesuan onuragarri izango diren hainbat aholku ematen dira. Proposatzen direnen artean, euskararekiko jarrera proaktiboa edukitzea, ikasi eta hobetzen saiatzea edo haurrak euskarazko lerro eta ikastetxeetan matrikulatzea. Erabaki horiek onuragarriak izango direla azpimarratzen da; ‘etorkizunean umeak eskertuko digutena, gaurko erabakia biharko aukera da eta”. Kanpainaren eduki zehatza aztertzeko, ikus hiru orrikoa beheko informazio gehiago atalaren bidez.

Lotutako albisteak

Imagen
15.04.25
Udalak euskara sustatzeko aurtengo dirulaguntza lerroak zabaldu berri ditu

Lerro bietan 9.000 euroko dirulaguntzak ematea aurreikusita dago
Imagen
11.04.25
Markos Gimenoren "101 letrakartel", Ezekiel Etxebarria sariaren irabazlea

Azken urtean Udal liburutegian gehien irakurri den euskarazko liburua izan da
Imagen
04.04.25
Euskaraldia ekimenaren laugarren edizio maiatzean izango

Maiatzaren 15etik 25era bitartean euskara gehiago eta gehiagotan erabiltzeko konpromisoa