18 milioi euroko aurrekontua onartu du Ermuak 2016rako
Ermuko Udalbatzak 2016. urterako aurrekontua onartu du PSE-EE/PSOE (5) eta EAJ (3) alderdien aldeko botoekin, PPren abstentzioarekin (2) eta EH Bildu (3), Se Puede Ermua Ahal Da (2) eta Irabazi (1) taldeen aurkako bozekin. Ermuko Udalak ia 18 milioi euroko aurrekontua izango du aurten, iaz baino milioi bat gutxiago.
Udaleko sei alderdiak dokumentuaren inguruan mintzatu dira maiatzaren 3an egindako ohiko Osoko Bilkuran. Talde bakoitzak, hainbat txandatan, zirriborroari egindako zuzenketak aurkeztu dizkio Udalbatzari: EH Bilduk, Se Puede Ermua Ahal Dak eta Irabazik euren osoko zuzenketak eta hirurek batera aurkeztutako zuzenketa partzialak defendatu dituzte; bestalde, EAJ alderdiak ere bere zuzenketak mahai gainean jarri ditu.
Udalbatzaren aurrekontu orokorrak Udalarena eta bere erakunde autonomo eta sozietate publikoena barne hartzen ditu. Udal aurrekontua da garrantzitsuena eta handiena, eta aurtengoan 17.872.674 eurokoa da. Udal Euskaltegiak 187.955 euro izango ditu, UKEk 1.666.118 euro eta, azkenik, Promosa sozietateak 1.575.425 euro.
Aurreko urteko aurrekontuan baino milioi bat gutxiago egotearen arrazoia Udalkutxak aurreikusitako hamar milioien ordez, bederatzi eman izana da. Bizkaiko Foru Aldundiak udalen finantziaziorako duen funtsa da Udalkutxa, eta Udalari diru ekarpen handiena egiten diona da.
Carlos Totorika alkateak azaldu du 2016ko aurrekontuak Udalaren lerro estrategikoei estu lotuta daudela. Horren harira, enplegu politiketara, familiei laguntzera, parte-hartzera eta zerbitzu publikoetara zuzentzen diren errekurtsoak azpimarratu ditu.
Aurrekontuaren zirriborroari EAJ alderdiak aurkeztutako zuzenketak gehitu zaizkio. Bertan, garraio publikorako diru-laguntzak, hezkuntza zentroetarako hobekuntzak eta gastu alor batzuetarako murrizketak biltzen dira.
EH Bilduk, Se Puede Ermua Ahal Dak eta Irabazik aurkeztutako zuzenketa partzialak nahiz osokoak, aldiz, bertan behera utzi zituzten gainontzeko alderdiek.
Saioa pasatu den maiatzaren 3an izan zen, eta hiru ordu eta erdiz gaiak lantzen aritu zen Udalbatza, tartean, aurrekontua. Eztabaida osoaren bideoa jada ikusgai dago ondoko lerroen azpian (aurrekontuaren inguruko eztabaida 01:24:00tik aurrera).
Lotutako albisteak

Gure herrian dauden 8.268 motordun ibilgailuen titularrek apirilaren 30etik maiatzaren 30era izango dute borondatezko epea

Ermuak parte-hartze prozesua zabala irekiko du, 2026ko Aurrekontuaren %1 lau adin taldeek erabakitakoaren arabera banatzeko

Proiektuak PSE-EE/PSOE eta EAJren aldeko botoak jaso ditu, Elkarrekin Ermuaren ezezkoa eta EH Bilduren abstentzioa