Hastear dira Ermuko tren geltoki berria eraikitzeko lanak

04.08.16
Erakundea

Euskal Trenbide Sareak (ETS) abuztu honetan zehar berrekingo die Ermuan tren geltoki berria eraikitzeko eta trenbidea bikoizteko lanei. 2013ko martxoan gelditu egin ziren lanak, baina orain birprogramatu dira eta epe laburrean hasiko dira.

Datozen egunetan obrako etxolak kokatuko dira San Antonioko aparkalekuan. Hori dela eta, parking horren erdia, gutxi gorabehera, erabiltzaileentzat itxita egongo da. Une hori iristean, proiektuaren esleipenduna den Tecsa-Campezo-Geotunel Aldi Baterako Enpresen Elkarteak kartelak jarriko ditu bi hizkuntzatan aparkalekuaren inguruetan, bai gidariek, bai oinezkoek ere egoeraren berri izan dezaten. Lanak amaitzean, enpresa bera arduratuko da aparkalekua egokitzeaz eta berriro lerroak margotzeaz.

Bestalde, obrek dirauten bitartean, egungo geltokiaren alboan egongo da behin-behineko geralekua; Abeletxe kalean, Irulitxa tabernaren terrazan. Lanak egiteko kenduko diren hiri-altzari guztiak Udaleko Lan eta Zerbitzuetako Brigadak jasoko ditu, gero berriro muntatu ahal izateko.

Obrara sartu eta irten ahal izateko, kamioiak San Antonioko ermitaren ondotik pasatuko dira bi noranzkoetan.

Azpiegitura berri hori egiteko obra zibilak ia 21 milioi euroko aurrekontua du, eta 26 hilabeteko epean eraikiko da. Horri esker, Ermuak tren geltoki modernoa eta irisgarria izango du, eta Ermua-Eibar-Elgoibar ardatzean 15 minutuz behingo maiztasunak izango ditu.

Irisgarria eta modernoa

Ermuan egingo den bide bikoitzeko trazatu berria 1.500 metro luze izango da. Sarrera Eitzaga inguruan izango du, eta ia osorik joango da tunel barruko trazatua duen saihesbidetik (1.025 metroko luzerakoa), Ermuko sarreraraino; gune horretan, N-634 errepidea gurutzatuko du 40 metroko luzerako bide-zubi baten bitartez, geltoki berrira iritsi aurretik. Ondoren, egungo trenbidearekin bat egingo du berriro, Izelaieta kaleko azpiko igarobidearen aurretik. Horri esker, lur azpian egingo den saihesbidean dagoen Oletxeko trenbide-pasagunea kendu ahal izango da.

Ermuko geltoki berria egungo geltokiaren ondoan egongo den azpialdeko igarobidearen ondoan egongo da, eta Valdespinako parkearen eta N-634 errepidearen ondoan dagoen plazaren arteko zeharkako lotura ezarriko du. Geltokiaren ataria trenbidearen plataformaren azpian egongo da, sarbidea kaleko kotatik egingo da, behealdeko mailan, eta horrek bat egingo du zabalera aldakorra eta 80 metroko luzera izango duen erdiko nasarekin. Bertara eskailera finkoaren eta igogailuaren bitartez heldu ahal izango da.

Jarraian duzuen bideoan Ermuko geltoki berria nola geldituko den ikusi dezakezue.

Gainera, proiektua uztailaren 19ko Informazio Batzordean aurkeztu zen. Egun batzuk geroago, ETSk herriko bizilagun guztientzat bilera antolatu zuen xehetasun guztien berri emateko, eta hemen ikusi dezakezue jardunaldian emandakoa.

Lotutako albisteak

Imagen
30.12.25
Ermuak 27,1 milioi euroko aurrekontua izango du 2026an

PSE-EE/PSOE (6), EAJ/PNV (3) eta PP (2) taldeen aldeko botoekin onartu da; EH Bildu (4) abstenitu eta Elkarrekin Ermuak (2) kontrako bozkatu du
Imagen
19.12.25
Ermuak 1.125.000 euroko dirulaguntza jasoko du Merkatuko plaza zaharra birgaitzeko

Eusko Jaurlaritzak atzo 8,3 milioi onartu zituen Ermuko, Eibarko, Elgoibarko eta Soraluzeko hainbat proiektuetarako
Imagen
19.12.25
Integrazioa eta harrera bultzatzen duten zazpi elkarte saritu dituzte Migratzaileen Nazioarteko Egunean

Eusko Jaurlaritzak Ermuan egindako ekitaldi batean banatu ditu sariak. Amurriok elkukoa hartu du datorren urterako