Aurrekontu parte-hartzailea: lehentasunak eta proposamenak adierazi. Egin zeurea!
Gaurko Ermuak eta orain hogeita hamar urtekoak, ez dute zerikusirik. Ezta gutxiagorik ere. Herriak aurrera egin du; zerbitzuz hornitu eta asko hobetu da, esaterako bizi kalitatean. Dena den, ziur oraindik ere badagoela zer egin eta zer hobetu. Bizilagun bakoitzak gauzaren bat edo besteren baten beharra ikusi edo desioren bat izango dugunez, eta zerbait proposatu genezake. Lehentasun edo beharren bat antzeman eta identifikatu. zerbitzu publikoak eta herritarrekiko arreta; kirol jarduera haurtzarotik zahartzaroraino; tokiko ondarea; etxebizitza. komunikabideak, garraioa edo bestelakoak. Gure iritzia eta ustea adierazteko aukera dugu. Garaiz gaude, igandera arteko epea baitugu. Adierazitako hori da aurrekontu-partehartzaileen filosofia eta helburua. Hiritarren ustez 2017. urtean lehentasunez landu behar diren arloak zeintzuk diren jakin nahi du Ermuko Udalak. Horregatik, orain hamar egunetik abian du parte-hartze prozesua, 2017ko Udal Aurrekontuak zehaztu ahal izateko herriko bizilagunen iritziak, proposamenak, kezkak eta lehentasunak jasotzeko.
18 urtetik gorakoak diren eta Ermuan erroldatuta dauden pertsona guztiek parte hartu dezakete prozesu honetan, eta izena, abizenak eta NANa emanda identifikatu beharko dute.
Herritarren proposamenak orain aste bi herriko etxe guztietara bidalitako galdetegien bitartez jasoko dira. Inkestak Abiapuntuko bulegoetan ere ditugu eskuragai, eta bertan, Ermuko Udala lantzen ari den ardatz estrategikoak biltzen dira. Horrela, herritarrek estrategia aurrera eramateko lehentasunezkoak edo interesgarrienak iruditzen zaizkien arloak hautatu ditzakete.
Galdetegiak Abiapuntun, Lobiano Kulturgunean, udal liburutegian eta Miguel Ángel Blanco kiroldegian kokatu diren kutxa edo ontzietan entregatu daitezke. Posta zerbitzuetako postontzietan ere utzi daitezke, posta frankeoa ordaindu beharrik gabe.
Gainera, iaz bezala, herriko puntu ezberdinetan informazio mahai eta puntuak kokatu dira prozesuaren inguruko xehetasunak ezagutu eta galdetegia banatu nahiz jasotzeko. Gaurko eguna geratzen zaigu, lekua eta orduak honakoak izango dira:
- Martxoaren 17ko, ostiralean, San Pelaion eta Sallabenten (hotelaren aurrean), 18:00etatik 20:00etara.
Bestalde, galdetegia online ere bete daiteke udal webgunean esteka honi jarraituz.
Inkestak entregatzeko epea martxoaren 19ra egongo da zabalik.
Proposamenak aurkezteko epea amaitzen denean, horien bideragarritasuna aztertzeko balorazio teknikoa egingo da. Analisiaren ostean, Udal Gobernuak 2017ko Aurrekontuetan zein iradokizun sartuko dituen erabakiko du, eta hartutako akordioen berri emango du, jarraitu diren irizpideak eta oinarriak azalduz.
Jakinarazi iezaiozu zure iritzia Ermuko Udalari, eta parte hartu ezazu 2017ko Aurrekontuak zehaztuko dituen parte-hartze prozesuan.
Lotutako albisteak

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua