Udalak behin-behineko 70 aparkaleku eskainiko ditu Sallabenteko ordainleku zaharraren gunean
Sallabenteko ordainleku zaharra kokatzen zen espazioa behin-behineko aparkaleku publiko gisa zabalduko da asteburu honetarako. Ermuko auzoak ibilgailuak aparkatzeko 70 toki berri izango ditu horrela, eta hilabete batzuk barru beste 30 leku prestatuko dira.
Juan Carlos Abascal alkateak Radio Eibar – Cadena Ser irratian azaldu duen moduan, aparkalekua behin-behinekoa izango da. Izan ere, Hiri Antolamenduko Plan Nagusian (HAPN) zehazten da gune horretan plaza zabal bat egingo dela, etxebizitza babestu eta libreekin, aparkalekuekin eta erdigune irekiarekin. Hori horrela, Sallabente auzoarentzat toki garrantzitsua izango da etorkizunean.
Azken asteetan ordainleku zaharra kokatzen zen gunea egokitzen eta txukuntzen aritu dira, eta gaur osteguna, aparkalekuko plazak pintatzen hasi dira. Beraz, aurreikuspenen arabera, ostiral honetatik aurrera aparkalekua erabilgarri izango da 70 ibilgailurentzat.
Horretaz gain, ETS tren geltokian burutzen ari den lanetarako materiala biltzeko ere erabiltzen da egun espazio hori. Aurreikuspenen arabera, Ermuko tren geltoki berria 2019ko lehen hiruhilekoan zehar prest egongo da. Hori horrela, obrak amaitzen direnean, materiala bertatik kendu eta beste 30 aparkaleku erabilgarri izango dira Sallabenten.
Abascalek azpimarratu duen moduan, parkinga behin-behinekoa da, eta HAPNan zehazten den exekuzio unitatea onartu artean erabili ahalko da. Oraindik ezin da jakin etxebizitza berrien eraikuntza noiz hasiko den, baina bitartean, behintzat, Sallabente auzoan ez da aparkatzeko arazorik egongo.
Lerro hauen ostean Radio Eibarrek Juan Carlos Abascal alkateari egindako elkarrizketa osoa entzun daiteke.
Lotutako albisteak

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera

Aurreikusitako bost hilabeteko epean amaituko dira eraikuntza lanak

Eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta eraikinaren kontsumoa optimizatzeko urrats bat gehiago da