Arrapala berri baten bitartez lotuko dira VI. Mendeurrena eta Zubiaurre kaleak

24.01.20
Hirigintza

Tote Etxea izenez ezagutu izan dugun Zubiaurre 23ko etxebizitza eraikina eraitsi ostean, VI. Mendeurrena kaletik Zubiaurrera jaistea ahalbidetuko duen arrapala eraikitzeko lanak hasi dira gune horretan.

A-09 Zerukoa egikaritze-unitatean – merkatu txikia egiten zen gunean – etxebizitzak eta aparkalekuak eraikitzen ari den enpresa arduratu da pasatu den udan Tote Etxea eraisteaz. Izan ere, eraikina ez zegoen gainerako etxebizitzekiko lerrokatuta. VI. Mendeurrena kaletik igarotzen den errepidera irtenda zegoen, Urkaregi jatetxearen ondoan, eta horrek erreiak estutzea eragiten zuen. Gainera, inguru horretan espaloiak ez zuen jarraitutasunik, eta oinezko zein ibilgailuentzat oztopo eta arrisku bihurtu zenez, azkenean eraikina eraistea erabaki da.

Orain, gune horretan espazio publikoa irabazi denez, lan ezberdinak burutzen ari dira bertan: batetik, VI. Mendeurrena kaleko alde horretan jarraitutasuna izango duen espaloi zabala eraikiko da, eta bestetik, Zubiaurre kalera jaitsi ahal izateko arrapala eraikiko da.

VI. Mendeurrena kaletik abiatuta, Zubiaurrera iristen diren bi kalexketara jaisteko aukera emango digu arrapala berriak: bata, Xagua taberna kokatzen dena, eta bestea, Dena 100ean denda dagoena. Hiru aldapako arrapala izango da, pertsona guztientzat irisgarria, eta Xagua taberna ondoan zeuden eskilarak ordezkatuko ditu.

VI. Mendeurrena kaleko urbanizazio proiektuak, gainera, espaloiaren eta aurrerago dauden terrazen egokitzapena ere hartzen ditu barne, bide osoak itxura bera izan dezan. Bestalde, arrapalaren ondoan geratzen diren terrazak hormatxo eta margotutako pletina galbanizatuen bidez estaliko dira, bertako bizilagunen intimitatea babesteko.

Obraren xehetasun guztiak astearte honetan, urtarrilaren 21ean, aurkeztu dira Gai Orokorren eta Udalbatzak aztertu beharrekoen Informazio Batzordean. Lerro hauen azpian uzten dizuegu bilerako bideo osoa, non VI. Mendeurreneko proiektuari buruzko informazioa 1:22:18 minutuan hasten den (4. puntua).

Lotutako albisteak

Imagen
06.11.25
Urko eta Mantxibar-Oterreko babesa indartuko du Ermuak, plan berezi bana idatziz

Udalak mendi bien Plan Bereziak idazteko lehiaketa deitu egin du
Imagen
27.10.25
Bide publikoan dauden fatxadetako pintadak garbitzeko ezohiko programa

Jabeek, erkidegoek eta errentariek eskatu ahal izango dute eta doakoa izango da udalak gain hartuko duelako
Imagen
09.10.25
Foru Aldundiak saneatu eta asfaltatu egingo du Zubiaurreko goialdea

Astelehenean hasiko dira obrak "Irudi" zaharretik "Frankfurt" tabernaren bidegurutzeraino doan tartean