Merkataritza-jarduerari eta joan-etorriei buruzko aplikazio-irizpideak

14.04.20
Hiritarren Segurtasuna

Ertzaintzaren Buruzagitzak eta Euskadiko Udaltzaingo guztiek zerrenda eguneratu bat argitaratu dute, osasun-alarmari buruzko irizpideekin, joan-etorriei eta merkataritza-jarduerak edo antzekoak jendeari irekitzeari dagokienez.

Jarraian, irizpide horiek azalduko dizkizuegu, herritar guztiek jakin ditzaten.

Merkataritza-jarduerak edo antzekoak jendeari irekitzeari buruz:

  1. Orokorrean, ezin dira lokal eta establezimendu minoristak ireki. Honako lokalak bakarrik zabaldu daitezke: janari dendak – gozoki-dendak eta gozotegiak barne–, edari dendak, farmaziak, osasun-zentroak, optikak, ortopediak, higiene-produktuen dendak, prentsa eta paper dendak, gasolindegiak, estankoak, teknologiako eta telekomunikazioetako produktuen dendak, etxeko animalientzat janaria saltzen dutenak, Internet, telefono edo posta bidezko merkataritza-dendak, tindategiak, arropa-garbitegiak eta albaitaritza-klinikak, ibilgailuak alokatzeko enpresak, banku-erakundeak, notarioak, aholkularitzak eta aseguru-erakundeak, abokatu-bulegoak, gestoriak eta finken administrazioko bulegoak.
  2. Jatetxeek janaria etxeetara eramateko bakarrik izango dute baimena, baina bezeroak ezingo dira jatetxera joan janaria jasotzera. Janari prestatua saltzen duten establezimenduek janaria etxeetara eraman ahal dute eta bezeroak establezimendura joan daitezke janaria jasotzera, baina ezin dute janaria establezimenduen barruan kontsumitu.
  3. Okindegiek edariak saldu ditzakete, kafea barne, baina eramateko bakarrik; inola ere ez establezimenduan bertan kontsumitzeko.
  4. Ezin dira zerbitzugune edo gasolindegietako kafetegi eta jatetxeak zabaldu, baina dendan jakiak saldu daitezke.
  5. Ile-apaindegiak ezin dira ireki, baina etxez etxeko zerbitzu profesionala onartuta dago.
  6. Lokutorioak transakzio ekonomikoak egiteko bakarrik egongo dira zabalik.
  7. Denda-ibiltarien bidez kalez kale saltzen ibiltzea onartuta dago, premiazko produktuak badira eta Udalak emandako gaikuntza-ziurtagiria badaukate. Osasun Agintaritzak ezarritako higiene- eta osasun-neurriak errespetatu beharko dira, eta ordutegia 08:00etatik 15:00etara mugatuta egongo da.
  8. Automoziozko tailer mekanikoak zabalik egongo dira, baina premiazko konponketak egiteko bakarrik.
  9. Jendearentzat irekita egoteko baimenik ez duten establezimenduek barruan mantentze- eta hobetze-lanak egin ditzakete.
  10. Nutrizio produktuak saltzen dituzten dendak zabalik egon daitezke, baina premia-premiazko produktuen salmentarako bakarrik. Adibidez, zeliakoentzako janariak.
  11. Beilak debekatuta daude instalazio guztietan, publiko zein pribatuetan, baita etxebizitza partikularretan ere. Ezin da hileta-erlijio kulturik egin, ezta hileta-zeremonia zibilik ere. Baimenduta dago hildakoa lurperatzea edo errausteko agurra egitea, baina gehienez ere hiru senide edo hurbileko pertsona egon ahal izango dira, eta, hala badagokio, hildakoak agurtzeko hileta-errituez arduratzen den kasuan-kasuko kultu-zerbitzaria edo horren antzekoa ere. Edonola ere, bertaratutakoek beren artean beti metro bateko edo bi metroko distantzia gorde beharko dute.
  12. Baratzetako edota negutegietako lanak eta haien antzekoak baimenduta daude, baldin eta jarduera profesionala bada.
  13. Familiako baratzetan lan egin ahal da, baldin eta hara joateko eta bertan egoteko behar-beharrezkoa den denbora baino hartzen ez bada. Horretaz gain, Osasun Agintaritzak ezarritako neurriak bete behar dira, baita betekizun hauek ere:
    • Helburua izatea elikagaiak jasotzea edo baratzeko oinarrizko mantentze-lanak egitea.
    • Baratzean produktu gehiago landatzeko prestatze-lanak ezin dira egin.
    • Joan-etorria justifikatzeko baratzearen titulartasun-dokumentua erakutsi ahal da.
  14. Establezimendu batean sartzean, barruan ahalik eta gutxien egon behar da, egin beharreko erosketak egiteko ezinbestekoa den denbora baino ez. Pertsonen artean, gutxienez, metro eta erdiko distantzia gordetzea gomendatzen da.
  15. Hotelak apartahotelak, landa-etxeak, turismo-ostatuak eta kanpinak irekitzea debekatuta dago. Salbuespen gisa, turismo-ostatuak, ezinbesteko zerbitzu deklaratutakoak, zenbait kasutan irekitzea baimentzen da.

Joan-etorriei buruz:

  1. Langileentzat ez da nahitaezkoa ziurtagiri edo agiriren bat eramatea lanera oinez edo autoz joatean, baina oso komenigarria da. Eusko Jaurlaritzak erantzukizunpeko adierazpen-eredu bat eman du, BOEn ere beste bat argitaratu da. Horien antzeko beste batzuk ere baliozkotzat jotzen dira. Ziurtagiria eraman ezean, emandako informazioa baloratuko da eta zalantzarik sortuz gero, egin beharreko egiaztapenak egingo dira.
  2. Pertsonek honako kasu hauetan zirkulatu ahal izango dute bide edo eremu publikoetatik:
    • Elikagaiak, produktu farmazeutikoak eta behar-beharrezkoak direnak erosteko.
    • Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara joateko.
    • Lantokira joateko, lan egitera edo jarduera profesionala edo enpresariala egitera.
    • Ohiko bizilekura itzultzeko.
    • Adinekoei, adingabeei, mendekoei, desgaitasuna duten pertsonei edo bereziki ahulak diren pertsonei laguntzeko eta zaintza emateko.
    • Finantza-entitateetara, aseguru-entitateetara, notaritzetara, abokatuengana, gestorietara edo finken administrazioko bulegoetara joateko.
    • Ezinbesteko kausagatik edo premia-egoeragatik.
    • Antzeko beste jarduera batzuk egiteko.

    Joan-etorri horiek, oinez egiten direnean, banaka egin beharko dira, salbu eta desgaitasuna duten eta, horren ondorioz, portaera aldaketak izaten dituzten pertsonei (esaterako, autismoarekin edo jokabide disruptiboekin lotutako gaixotasunak), adingabeei edo adinekoei laguntzeko bada, edo bestelako arrazoi justifikatu batengatik bada. Hala ere, joan-etorriak ahalik eta gehien murrizteko eskatzen da.

  3. Osasun-arazoak dituzten pertsonak atera ahal dira etxetik, baldin eta jarduera zehatz bat egin beharra ezartzen duen mediku-ziurtagiria edo -justifikantea baldin badaukate erakusteko.
  4. Ahalik eta joan-etorri gutxien egin behar dira elikagaiak eta baimendutako produktuak erostera joateko, eta hurbileneko tokietara joan behar da. Azalera handiko saltokietara edo horien antzekoetara joan ahal da, bakoitza bizi den udalerritik hurbil dagoenera.
  5. Mendekotasuna duten familiartekoak bisitatu daitezke, zaintza eta laguntza emateko.
  6. Mendekotasuna daukan pertsona izanez gero, arreta ematen dion pertsona joan ahal izango da bere bizitokira, baimendutako ezinbesteko zerbitzuetako bat baita.
  7. Adingabeen zaintza aldatzeko mugitzea baimenduta dago, adingabe bat artatzea dela ulertzen baita.
  8. Seme-alabak normalean zaintzen dituen pertsonaren kargura utzi daitezke lanera joan behar izanez gero, adingabeak edo mendekoak zaintzea dela ulertzen baita.
  9. Ezin dira haurrak parkera eraman.
  10. Zaborra kalera jaitsi daiteke, hurbilen dagoen gunera eta ezinbestekoa den denboran.
  11. Eraikinetako eremu komunetan – patioan, lorategian, eskaileretan – egotea debekatuta dago, erabilera komunitarioko eremu pribatuak baitira.
  12. Maskotak kalera atera daitezke, banaka, ezinbestekoa den denboran eta etxebizitzetatik hurbil.
  13. Ezin da parkera, hondartzara edo mendira joan, ez baitaude jasota eremu publikoan baimenduta dauden mugimenduetan.
  14. Ibilgailu batean pertsona bat baino gehiago ibili ahal izango dira euren artean ahalik eta distantzia handiena mantentzen bada. Esate baterako, auto batean gehienez bi pertsona joango dira, gidaria eta bidaiari bat, eta bidaiaria atzeko eserlekuan, gidariarekiko diagonalean, eseriko da.
  15. Bederatzi plazara arteko ibilgailuetan, gidaria barne, pertsona batek baino gehiagok bidaiatu behar badu, garraio publiko, pribatu osagarri eta partikularrak errespetatu egingo du eserleku-lerro bakoitzeko pertsona bat gehienez joatea, eta ahalik eta distantzia handiena izango da bidaiarien artean.
  16. Lanerako erabiltzen ari diren ibilgailu profesionalen edo enpresako ibilgailuen (furgonetak, kamioiak) kasuan, gidaria eta kopilotua ibili ahal izango dira, baldin eta euren artean ahalik eta distantzia handiena gordetzen badute.
  17. Motozikletan edo bizikletan zirkulatu daiteke, aurreikusitako mugitzeko arrazoiengatik bakarrik eta banaka.
  18. Taxian banaka joan daiteke, desgaitasuna duen pertsona bati, adingabe bati, adineko bati edo autonomiarik ez duen pertsona bati laguntzeko kasuetan izan ezik.
  19. Ezin da joan familiarteko baten bila aireportura edo geltokira, baina aurreikusita dago adinekoei, adingabekoei, menpekotasuna dutenei, desgaitasuna duten pertsonei, edo bereziki laguntza behar duten pertsonei laguntzeko denean.
  20. Kontratu bat, agiri bat edo antzeko zerbait sinatzera irten daiteke, arrazoi justifikatu batengatik bada bakarrik, eta atzeraezina bada.
  21. Pakete-banatzaileek askatasunez zirkulatu dezakete euren lana egiteko, indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen murriztapenen arabera.
  22. Odola ematera joan daiteke, osasun-agintaritzak deituta eta segurtasun neurriak hartuta.
  23. Ezin da joan bigarren bizilekura.
  24. Bidaiarien garraio publikoan, Osasun Zerbitzuak ezarritako neurriak errespetatuko dira, eta bidaiarien artean gutxienez metro bateko distantzia gordeko da derrigorrean.
  25. Etxe-aldaketak egin daitezke, baldin eta langile profesionalek egiten badituzte.
  26. IAT iraungita daukan ibilgailu batekin zirkulatu ahal da. Errege Dekretuaren Hirugarren Xedapen Gehigarria kontuan hartuta, Sektore Publikoko erakundeen prozedurak izapidetzeko epeak etenda geratu dira, eta berriz hasiko dira, haren indarraldia amaitzen denean. Egoera horietan zirkulatu daiteke. Hala ere, ez da inola ere onartuko gauden urtea baino lehenagoko muga-eguna badu.
  27. Baserrietan edo landa-eremuetan dauden animaliei jaten emateko joan-etorriak egin daitezke
  28. Ordezkaritza sindikaleko eta patronaleko jarduerak egiten dituzten pertsonek zirkulatu dezakete eta joan-etorriak egin, baldin eta joan-etorri horien helburua langileei eta enplegatzaileei asistentzia bermatzea bada.

Lotutako albisteak

Imagen
31.05.24
3,5 tonatik gorako trafiko astuna mugatuta dago Ermuko BI-3344 errepideann

Udaltzaingoak Udalbatzak erabakitako debekuaren berri eman du eta 24 salaketa jarri ditu
Imagen
17.04.24
Ermuan indarra erabiliz egindako lapurreta-delitu batzuen ustezko egilea inputatu dute

35 urteko emakume bat epailearen esku utzi dute, hainbat lapurretan lortutako ondasunak gordeta edukitzeagatik


Imagen
25.03.24
Aste Santuko ordutegi bereziak udal zerbitzuetan

Herritarrentzako zerbitzu gehienak itxita egongo dira jaiegunetan