Ermua Aurrera: 90 euroko diru-laguntzak udalerrian eskola-materiala erosteko

15.09.20
Erakundea

Eskaerak aurkezteko epea astelehenean, irailak 21, zabalduko da, eta abenduaren 4ra arte luzatuko da

Ermuko Udalak neurri bereziak hartu ditu Covid-19ak udalerriko talde ahulenengan eragindako krisiaren eragina gutxitzeko. Hala, ikasturte hasieran familiei, ikasle gazteei eta tokiko merkataritza-establezimenduei laguntzeko, eskola-materiala Ermuan erosteko laguntzak emango ditu erakundeak, ikasle bakoitzeko 90 eurorainoko laguntzarekin. Aldi berean, erosketak tokiko establezimenduetan burutzea sustatuko da.

Laguntza hauek 2020ko irailaren 1etik urriaren 30era bitartean Ermuko dendetan egiten diren arropa, oinetakoak, kirol-materiala, eskola-materiala (testuliburuak izan ezik), material informatikoa, betaurrekoak eta lentillak erosteko gastuak ordaintzeko aukera emango dute.

Diru-laguntzak hiru lerrotan banatzen dira:

  • 2004ko urtarrilaren 1etik 2018ko abenduaren 31ra bitartean jaiotako ikasleentzako laguntzak: Ermuko biztanleen %14k 16 urte baino gutxiago dituzte. Eskolatuta dauden eta 2020ko urtarrilaren 1etik 2020ko abuztuaren 31ra Ermuan etenik gabe erroldatuta egon diren haurrek laguntza hau jaso ahal izango dute.
  • 1995eko urtarrilaren 1etik 2003ko abenduaren 31ra bitartean jaiotako ikasleentzako laguntzak: biztanleria-datuen arabera, Ermuko herritarren %9 16 eta 25 urte bitartekoak dira, eta talde horretako kide asko ikasten ari dira. Horregatik, Ermuko Udalak laguntza-lerro bat aurreikusi du irakaskuntza arautu edo okupazionaleko ikasketak, masterrak, doktoregoak edo helduen hezkuntzako ikastetxe publikoetan ikasketak egiten ari egiten ari diren 16 eta 25 urte bitarteko pertsonentzat, ikasturtearen antzeko iraupenarekin. Prestakuntza osagarria baztertzen da (hizkuntzak, informatika erabiltzaile-mailan, gidabaimena, etab.).
  • 1995eko urtarrilaren 1a baino lehen jaiotako ikasle langabeentzako laguntzak: Kasu honetan, pertsonek langabezian egon behar dute. Aurreko lerroan bezala, egiten ari diren ikasketek irakaskuntza arautuak edo okupazionalak, masterrak edo doktoregoak izan behar dute, ikasturtearen antzeko iraupenarekin, edo helduen hezkuntzako ikastetxe publikoetako ikasketak (HHE). Prestakuntza osagarria baztertzen da (hizkuntzak, informatika erabiltzaile-mailan, gidabaimena, etab.).

Astelehenean irekiko da eskaerak aurkezteko epea

Interesdunek laguntza-deialdiak Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu – ustez ostiral honetan, hilak 18 – eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak, 2020ko abenduaren 4ra arte. Beraz, eskaerak aurkezteko epea datorren astelehenean, irailaren 21ean, irekiko da.

Eskaerak Abiapuntu bulegoan aurkeztu ahal izango dira astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara; salbuespen gisa, eta kanpainak irauten duen bitartean, bulegoa arratsaldez ere irekita egongo da, astelehenetik ostegunera, etenik gabeko ordutegian, 19:00ak arte.

Eskaerekin batera, libretaren titulartasunaren datuak eta Ermuan 2020ko irailaren 1etik urriaren 30era bitartean egindako gastuen fakturak egiaztatzen dituen agiria aurkeztu beharko dira. Faktura horiek laguntzaren titularraren izenean egin beharko dira, eta erositako produktuak argi eta garbi jaso beharko dira bertan. Laguntzaren gehieneko zenbatekoa 90 eurokoa izango da ikasle bakoitzeko.

16 urtetik gorako pertsonen kasuan, egiten ari diren ikasketen matrikularen egiaztagiria ere aurkeztu beharko da, eta 25 urtetik gorakoa bada eta langabezian badago, langabezia-egoeraren ziurtagiria ere bai.

Eskaera-orria aste honetan entregatuko zaie Ermuko ikastetxeetako ikasle guztiei. Gainera, dokumentua Abiapuntun, Udal liburutegian, Emakumearen Topalekuan, Lobiano Kultur Gunean, Izarra Centreko ikasketa geletan, Izarra Txikin eta Miguel Angel Blanco kiroldegian jaso ahal izango da.

Gogorarazi nahi dizuegu bide telematikoa ere erabili ahal izango dela Egoitza Elektronikoaren bidez.

Informazio guztia, eskaerak, epeak, betekizunak eta abar herritarren eskura egongo dira laster Abiapuntuko gure egoitza elektronikoan, laguntzen eta diru-laguntzen atalean.

‘Ermua Aurrera’ plan berezia

Familientzako, ikasleentzako eta tokiko saltokientzako laguntza horiek Ermua Aurrera Plan Berezian jasota daude. Plan hori Covid-19 pandemiaren ondorioei aurre egiteko sortu da, eta lau milioi ehun eta hogei mila euroko (4.120.597 €) aurrekontua du. Udaleko talde politiko guztiek aho batez onartu dute plana, eta herritarren ongizatea bermatzea eta osasun-krisiaren aurreko ekonomia-, enplegu- eta kontsumo-jarduerak berreskuratzen laguntzea du helburu.

Planak hiru oinarri ditu: soziala, ekonomikoa eta hirikoa. Eskola-materiala erosteko laguntzak oinarri ekonomikoaren parte dira, ekonomia sustatzeko eta suspertzeko beste ekintza batzuekin batera. Adar horrek 2.628.000 euroko aurrekontua du guztira.

Lotutako albisteak

Imagen
05.05.25
‘Oporretan Jolas’ ekintzetan izen ematea zabaltzear

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik
Imagen
30.04.25
Ermuak NAN digitala eguneratzeko makina jartzea eskatu du Abiapuntun

Polizia Nazionalari eskaera egin dio, administrazio hurbil eta digitalki eskuragarriaren bidean aurrera egiteko
Imagen
30.04.25
Udal liburutegiak ordutegia luzatuko du ikasturte amaierako azterketak direla-eta

Maiatzaren 3tik ekainaren 12ra ordu gehiago irekiko ditu egunero eta baita asteburuetan ere