Adierazi zure lehentasunak 2021eko Aurrekontuetarako

30.09.20
Erakundea

Ermuko Udalak parte-hartze prozesu berri bat antolatu du 2021eko Udal Aurrekontua zehazteko herritarren lehentasunak ezagutzeko. Hala, urriaren 1etik 10era bitartean, herritarren ekarpenak jasoko ditu erakundeak, hurrengo ekitaldirako lehentasunak zehaztu ahal izateko.

Covid-19aren pandemiak eragindako ezohiko egoera dela eta, Udalak diru-sarreren jaitsiera nabarmena aurreikusten du datozen urteetarako. Testuinguru horretan, ezinbestekotzat jotzen du ermuarren ekarpenak jasotzen jarraitzea, inoiz baino garrantzitsuagoa baita 2021eko Udal Aurrekontuetarako lehentasunak ondo zehaztea.

Ekimena Ermuan erroldatuta dauden eta euren ideiak, iradokizunak eta lehentasunak aurkeztu nahi dituzten 18 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago. Epea bihar, osteguna, hasiko da, eta urriaren 10ean, larunbata, amaituko da.

Aurreko urteetan bezala, prozesuan parte hartzeko hainbat modu egongo dira. Batetik, online galdetegia osatu ahal izango da, eta, bestetik, inkesta paperean banatuko da herriko etxebizitza guztietara, erakundean lantzen ari diren ardatz estrategikoekin. Ekimenean parte hartu nahi dutenek beren lehentasunak zein diren adierazi ahal izango dute, eta, gainera, udalerrian egin nahi lituzketen jarduera edo ideia zehatzak idazteko tartea izango dute.

Inprimakia Abiapuntun, Lobiano Kultur Gunean, Udal liburutegian eta Miguel Angel Blanco kiroldegian entregatu ahal izango da. Correos posta zerbitzuaren bidez ere bidali daiteke, frankeatu beharrik gabe: postontzi batean utzi eta listo.

Galdetegiarekin batera, informazio-liburuxka bat ere bidaliko da, Ermuko herritarrek 2020ko Aurrekontuetarako lehenetsitako esparruei eta ekitaldi honetan gauzatu diren jarduera garrantzitsuenei buruzkoa, batez ere Ermua Aurrera txoke-planaren harira.

Bestalde, azpimarratu behar da aurten ez dela informazio-karparik jarriko herriko auzoetan, jende-pilaketarik eta bilerarik egon ez dadin.

Proposamenak jaso ondoren, ekarpen guztiak balorazio teknikoaren pean jarriko dira, eta 2021 Aurrekontuan sartzea, ezestea, azterketa gehigarrien zain uztea edo etorkizuneko jarduketetarako uztea erabakiko da.

Lotutako albisteak

Imagen
27.02.26
Zaurgarritasun egoerak detektatzeko koordinatuko dira Udala eta farmaziak

Udalak eta Elkargo Ofizialak lankidetza-hitzarmena sinatu dute premia soziosanitarioak detekzioa sustatzeko, irizpideak adosteko eta topaguneak sortzeko
Imagen
27.02.26
Trafiko-kamerak, herrian segurtasuna hobetzeko eta gertaturiko gorabeherak argitzeko tresna

Trafiko-kamerei esker gertaerak argitu ahal izan dira, ikerketan lagungarri eta froga erabakigarriak eman dituzte gertakari zenbait argitzeko
Imagen
25.02.26
Indarkeriarik gabeko eta errespetuan oinarritutako jaien aldeko udal manifestua

Ermuko Udalbatzak Osoko Bilkuran testua aho batez onartu zuen bart iluntzean