Skakeitan, festa usaineko asteburu honetako protagonista
2022ko Santixauei ofizialki hasiera emango dien txupinazoaren aurreko asteburuan sartzear gara. Biziki espero ditugu aurten herriko jaiak, pandemiaren ondorioz bi urtez bertan behera geratu baitira. Egitaraua gaur hasiko da, eta larunbatean izango dugu Santixauetako lehen kontzertu handia: Skakeitan.
2008an Donostian sortua, bere zuzenekoen energiagatik bereziki bereizten den taldea da Skakeitan. Ska-reggae sustraitik abiatzen da melodiak eraldatzeko eta abesti biribil, bizidun eta boteretsuak sortzeko.
Skakeitan zortzi musikarik osatzen dute: Pello Armendariz abeslariak, Borja Anton gitarristak, Asier Iriondo baxu jole eta koristak, Olatz Salvador teklista eta koristak, Julen Idigoras bateria jotzaileak, Aitor Valcarlos eta Ander Zabala tronboiek eta Gorka Valcarlos tronpetak.
Kontzertu hau oso berezia izango da taldearentzat eta bere jarraitzaileentzat; izan ere, 14 urte, 5 disko eta hainbat herrialdetan kontzertu ugari eskaini ondoren, Skakeitanek agur esango du uda honetan eta udazkenaren zati batean hainbat herritan zehar egingo duen birarekin. Ermuan izango da talde donostiarraren azken zuzenekoetako bat, eta ezbairik gabe festa bat izango da, zortzikoak bere jarraitzaileekin batera "dena emateko" konpromisoa hartu baitu.
Kontzertua larunbatean, hilak 16, hasiko da 23:30ean Orbe Kardinala plazan. Giroa berotzen joateko, Ermua eta Eibarko Slide hirukoteak kontzertua eskainiko du 22:30etik aurrera.
Goiza kirolez blai
Larunbateko egitaraua 09:00etan hasiko da Mallabiko San Pedro zelaian egingo den txakurren erakusketa-lehiaketarekin, La Verdad Ehiza eta Arrantza Elkarteak antolatuta. Ordu berean hasiko da Santixauetako IV. Padel txapelketa San Pelaioko pistetan, El Sartenazo klubaren eskutik.
10:00etan, Orbe Kardinala plazako frontoian, Betiondo klubak antolatutako parte hartze askeko arku-tiroko proba egingo da, eta 11:00etan, plazan bertan, Ermutarrak Xake Taldearen aldi bereko xake partida azkarren erakustaldia hasiko da.
Lotutako albisteak
‘Led Silhouette’ eta M. Morauren lana, ostiral honetan 20:30ean
Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.
Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu