‘ALPES 2025’ planean aparteko lanak egiteko langileak kontratatuko ditu Ermuak
Ermuko Udalak laster langileak hautatzeko prozesu bat hasiko du; Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta toki-erakundeak finantzatzen duten "2025eko ekitaldian enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako laguntzak" izeneko planaren baitan. Ermuak profil profesional anitzetako hamahiru langabe kontratatuko ditu aparteko zerbitzuak gauzatzeko. Kontratatutako pertsonak 9 ofizial eta 4 peoi izango dira: argiketari 1, igeltsero 1, soldatzaile 1, lorezain 1, 3 margolari, 2 gidari, igeltsero peoi 1, lorezain peoi 1 eta margolari 2 peoi. Langile horiek sei hilabeteko kontratua izango dute, lanaldi osokoa. Lanbidek 150.000 euro jarriko ditu kontratu horietarako, eta udalak beste 50.000 euro.
Enplegu-eskaintza horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatuko ditu, eta laster hasiko da eskatutako lanpostuak webgunean zabaltzen eta aurre-hautaketa egiten. Kontratatzen diren pertsonek lanik gabe eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda eta alta emanda egon beharko dute dagokion lan-eskaintzara hautagaitza bidaltzen duten unean eta kontratua hasi aurreko egunean, eta Ermuan erroldatuta egon beharko dute.
Plan horrek laguntzak ematen dizkie Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeei, enplegua sortzera bideratutako proiektuak abian jartzeko, jardueraren xede den lurraldearen garapen sozioekonomikoan eta modernizazioan eragina izan dezaten eta Euskadiko eskualde guztietan enplegu-aukerak modu orekatuan eskaintzeko aukera izan dezaten, 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategiarekin eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioarekin bat etorriz.
Kontratazioen baldintzak
Enplegua sustatzeko jardueratzat hartzen dira langabeen enplegagarritasuna handitzea helburu duten kontratazioak, haien kualifikazioa eta/edo gaitasun pertsonalak eta motibazioa indartuko dituen aldi baterako lan-esperientziaren bidez.
Plan horretako kontratazioek baldintza hauek bete beharko dituzte:
- Toki-eremuan onura publikoko edo gizarte-intereseko jarduerekin lotuta egotea.
- Erakundeetako egiturazko langileak ez ordezkatzea.
- Ezin izango da kontratatu 2024ko ekitaldiko deialdi berean egon zen pertsonarik.
Emakumeen eta gizonen arteko tratu- edo aukera-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioa aplikatuko da probak edo elkarrizketak egitean, bai eta pertsonak hautatzean ere.
Kontratuak aurtengo azarotik datorren 2026ko maiatzera bitartekoak izango dira.
Lotutako albisteak
Abenduaren 3an Izarra Centre eraikinean, enpresa eta eragile nagusiak partaide izanik
Hiri Hezitzaileen Egunean jolasak izango dira ikasleentzat, txokolate-jana eta Gabon Postal lehiaketako lan irabazlea ezagutaraziko
‘Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?', antzelana, ostiralean 20:30ean