Arroila-jaitsiera probatzera ausartzen zara?
Ermuko Udaleko Gazteria Zerbitzuak ikasturte honetarako ekintza berriak antolatzen dihardu, eta irailaren 27an arroila-jaitsiera egiteko aukera eskainiko du 2008 eta 2013 urteen artean jaiotako gazteentzat.
Arroila-jaitsiera abenturako kirol-jarduera bat da, eta hainbat teknika konbinatzen dira ibai edo amildegi baten ibilgua zeharkatzeko. Txango honetan, Elgoibarko Saturio sakanera joango dira parte-hartzaileak, eta sokak, igeriketa, jauziak edo mendi-ibiliak bezalako teknikak erabiliko dira sakanean behera jaisteko. Honelako jarduerekin, kirolaren eta naturarekiko harremanaren bitartez, aisialdi osasungarria eskaini nahi da. Era berean, adin-tarte bereko pertsona berriak ezagutu eta lagunak egiteko aukera paregabea izan daiteke.
Jarduera Inguru Abentura enpresa ermuarrak gidatuko du, eta behar den material tekniko guztia eramateaz ardutatuko da. 15 pertsonak parte hartu ahalko dute gehienez ere ekintza honetan, eta izen-emateak online galdetegi honen bitartez bete beharko dira irailaren 18a baino lehen. Partaidetza doakoa da, baina plazak mugatuak direnez, eskaera gehiago jasotzen badira zozketa egingo da, eta lehentasuna izango dute Ermuan erroldatutako gazteek. Onartutakoen zerrenda Udalaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da irailaren 19an eta e-mail bidez bidaliko zaie izena eman duten pertsona guztiei.
Ekintzaren inguruko xehetasunak eta baldintzak
Jardueran parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da bi baldintza betetzea:
- 2008 eta 2013 urteen artean jaio izatea (biak barne)
- Igeri egiten jakitea
Izena emateko unean, banaka nahiz binaka bete daiteke galdetegia. Bikoteka izena eman nahi izanez gero, pertsona bakoitzak bere orria bete beharko du eta lehenengo atalean bere bikotea izango den pertsonaren izena adierazi beharko du, zozketa eginez gero, elkarrekin joan ahal izateko. Izenek bat etorri beharko dute bien galdetegietan.
Gogorarazi nahi da, era berean, enpresak material teknikoa prestatu ahal izateko, parte-hartzaileen altuera, pisua eta oinetakoaren neurria eskatuko direla.
Parte-hartzaileak irailaren 27an, larunbata, 07:50ean elkartuko dira Ermuko tren geltokian. Bakoitzak bere Mugi edo Barik txartela eramatea gomendatzen da bidaia ordaintzeko; gainontzekoa doakoa da. Ermura 15:00etan itzultzea espero da, baina baliteke aldatzea, jardueraren iraupena aldakorra baita taldearen erritmoaren arabera.
Lotutako albisteak
‘Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?', antzelana, ostiralean 20:30ean
Karteldegiaren erdian dira ‘The Mastermind' eta ‘Los domingos' estreinuak
Mar-Mar Teatrok taularatuko du larunbatean, arratsaldeko 5etan