Azoka plazak hartuko du Jolasaren Eguna

Ermuak Jolasaren Egunaren bigarren edizioa ospatuko du larunbat honetan, maiatzak 6. Egun hauetan udako eguraldia lagun dugun arren, meteorologia agentziek eguraldi ezegonkorragoa iragarri dute larunbat arratsalderako, eta baliteke zaparradak eta trumoi-ekaitzak botatzea arratsaldean zehar. Horregatik, euriagatik ekitaldia erabat bertan behera uzteko arriskua saihesteko, ospakizuna Merkatu Plazara eramatea erabaki da.
Programazioa publiko guztiei zuzenduta dago, tokiko hainbat kolektiborekin lankidetzan eta Hiri Hezitzailea proiektu estrategikoaren bultzadari esker. Egun honetarako jarduerak aukeratu eta antolatzeko orduan, Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Gutunean jasotako hiru printzipio hartu dira kontuan: kulturarako sarbidea, osasunaren sustapena eta espazio publiko bizigarriak.
Giroa berotzeko, larunbat honetan 12:00etatik 13:30era metroflexia animazio ibiltaria izango dugu herriko kaleetan zehar. Demetrio Metre Metroflexiako txapeldun eta peoiak "metro linea" bat inauguratuko du Ermuan eta herritar guztiak gonbidatuko ditu jardunaldi honetan parte hartzera.
Arratsaldean, ekitaldiak 16:30ean hasiko dira, Merkatu plazan eta inguruetan, burbuiladun ikuskizun musikalarekin.
Azoka plazako lehen solairuan (sarrera San Pelaio kaletik), 17:00etatik aurrera, metroflexia tailer, antzerki eta ikuskizunak, munduko jolasen gune bat, xake partidak eta montessori jokoak izango dira.
Kanpoaldean, San Pelaio kalean, mural kolektibo handi bat eta harearekin jolasteko gune bat egongo dira.
Azokako beheko solairuan (plaza barruko eskaileretatik jaitsita edo Diputazio kaletik sartuta), Ermua-Mallabia OLHko institutuko ikasleek aurpegiak eta azazkalak margotuko dituzte, eta kiroldegiko langileek herri kiroletan (17-18), patinetan (18-19) eta dantzetan (19-20) parte hartzera animatuko gaituzte.
Animatu eta parte hartu jardunaldi koloretsu honetan!
Ospakizunaren bigarren edizioa
Jolasa da gure ikaskuntza-estrategia nagusia eta ia bakarra haurtzaroan, ibiltzen, hitz egiten edo irakurtzen ikasteko. Helduaroan ere, maite ditugun gauza askoren parte izaten jarraitzen du. Bestalde, jokoa espazio publikoa aktibatzeko tresna paregabea da, interakziorako eta kalearen erabilera eta bere gozamen kolektiboa berreskuratzeko. Harremanak izateko eta elkar ezagutzeko modu dibertigarri eta informala ere bada.
Errealitate horren jakitun, Ermuko Udalak bigarren urtez jarraian antolatu du Jolasaren Eguna. Jardunaldi honen lehen edizioa 2022ko maiatzaren 28an izan zen, 2021/2022 ikasturteko Haurren Kontseiluko umeen proposamen eta ekarpenei esker. Maiatzaren 28an mundu osoan ospatzen den Jokoaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Orbe Kardinalaren plaza hainbat jarduera dibertigarrirekin bete zen. Oraingo honetan, ospakizunaren data aurreratzea erabaki da, hilaren 28ko Udal eta Foru Hauteskundeekin bat ez egiteko, baita maiatzean Ermuko taldeek antolatutako beste ekimen batzuekin ere.
Lotutako albisteak

Parte hartu duten haurrek herritarrak kontzientziatzeko ibilaldi batekin amaitu dute aurtengo erronka

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan

Txapelketak izaera ludikoa izango du, ekainean jokatuko eta izen-emateak maiatzaren 20ra arte egin daitezke