Betiondoko igerilekuek 53.500 sarrera baino gehiago izan dituzte uda honetan

30.09.26
Ermua Kirolak
Udal igerilekuek iaz baino %15,7 sarrera gehiago izan dituzte

Betiondoko aire zabaleko igerilekuek denboraldia amaitu dute, guztira 53.506 sarrera zenbatuta; iaz baino 7.262 gehiago. Ekainaren 13tik irailaren 13ra bitartean, batez beste, 575 sarrera izan dira egunean.

Datu horiek igerilekuen erabilerak gora egin duela erakusten dute. 2024an 21.814 sarrera izan ziren, eta 2025ean, berriz, 46.244. Uda honetan, kopuruak berriro egin du gora, eta 53.500 sarrera baino gehiago izan dira.

Miguel Ledesma Kirol zinegotziaren ustez, horrelako instalazioak izateak udaz herrian bertan gozatzeko aukera ematen du: « Herritarrek udal instalazioak erabiltzea eta gozatzea da guretzat garrantzitsuena. Betiondok aukera ematen du udako arratsalde batez gozatzeko, freskatzeko edo lagunekin elkartzeko, Ermua utzi beharrik gabe. Etxetik gertu horrelako aukera izatea zaindu beharreko zerbait da».

Jende gehien ibili den uneak denboraldiaren hasieran eta amaieran izan dira batez ere. Igerilekuak ireki eta lehen 18 egunetan, ekainean, 20.000 sarrera baino gehiago zenbatu ziren. Irailean ere erantzun ona izan da: hilaren 13an, igerilekuak itxi aurretik, 8.500 sarrera baino gehiago izan ziren.

«Zerbitzu publikoez hitz egiten dugunean, honetaz ere ari gara: gure herrian bertan aisialdiaz gozatzeko aukera ematen diguten guneak izateaz. Denek ez dute uda kanpoan igarotzen, eta Ermuan geratzea ere gozatzeko aukera izatea nahi dugu», adierazi du Ledesmak.

Udalak denboraldi honetako datuak kontuan izango ditu datorren denboraldia prestatzerakoan, eta zerbitzuaren antolaketan eta hobekuntzan lanean jarraituko du. «Balantzea ona da, baina datuek hobetzeko aukera ere erakusten digute. Betiondo aukera erakargarria izaten jarraitzea nahi dugu, eta zerbitzuaren antolaketa erabileraren hazkundera egokitzea», gaineratu du zinegotziak.

Lotutako albisteak

Imagen
20.07.26
Hiru esku pilotak jaialdi izango ditugu aurtengo Santixauetan

Hiru jaialdi daude iragarrita: bi, kategoria profesionalekoak, hilaren 22 eta 25erako, eta beste bat, zaletuen mailakoa, hilaren 26rako
Imagen
20.07.26
Kirolari gazteen artean adikzioak prebenitzeko prestakuntza-mintegia

Bost saio izango ditu, gazteei, senideei, entrenatzaileei eta herriko klubetako ordezkariei zuzenduak, eta urriaren 6tik 20ra egingo da.