Carmen Moralesek Rocío Dúrcal omenduko du Ermua Antzokian

20.10.26
Kultura eta Gazteria
Ermua Antzokia
Ostiral honetan “Rocío Dúrcal es inolvidable” ikuskizuna ikusi ahal izango dugu Ermuan, musikaren, umorearen eta emozioen bidez, artistaren bizitza eta abestiak errepasatzen dituen emanaldia

Juan Carlos Rubiok idatzi eta zuzendutako “Rocío Dúrcal es inolvidable” lana antzeztuko da ostiral honetan, urriaren 23an, 20:30ean, Ermua Antzokian. Carmen Morales (Rocío Dúrcalen alaba) eta Alejandro Vera dira ikuskizunaren protagonistak eta 90 minutuko iraupena du.  Sarrerak 12 euroan daude salgai.

Istorioa Carmen Moralesek jasotzen duen gonbidapen batetik abiatzen da: amaren bizitza eta abesti ezagunenak ardatz izango dituen musikalean protagonista izatea. Hasieran ideia baztertzen badu ere, Juan Carlos Rubio egile eta zuzendariak libretoa elkarrekin irakurtzea eta beharrezkotzat jotzen dituen aldaketak egitea proposatuko dio. Topaketa horretatik abiatuta, familiako oroitzapenak, pasadizoak eta Rocío Dúrcalen ibilbide artistikoko hainbat pasarte errepasatuko dituzte biek.

1944an Madrilen jaioa, Rocío Dúrcal gaztelaniazko musikaren artista ezagunenetako bat bihurtu zen. Zineman hasi zuen ibilbidea, eta ospe handia lortu zuen musikaletan, abeslari gisa sendotu aurretik. Ordutik, bere abestiek belaunaldi askoren oroitzapenetan bizirik jarraitu dute. Hainbat arlotan moldatzeko zuen gaitasunari eta publikoarekin konektatzeko erraztasunari esker, oso artista maitatua izan zen Atlantikoaren bi aldeetan.

Ikuskizunak Rocío Dúrcalen bizitzako eta ibilbide artistikoko hainbat pasarte berreskuratzen ditu, hasierako urteetatik nazioarteko arrakasta lortu zuen arte, haren alderdi pertsonala eta familiarra ahaztu gabe. Antzezpenaren, musikaren eta umorearen bidez, artistaren atzean zegoen emakumea ezagutzeko eta haren bizitzako unerik hunkigarrienetako batzuk gogora ekartzeko aukera eskaintzen du lanak.

Lotutako albisteak

Imagen
19.10.26
Asiako kultura, gastronomia eta tradizioak ezagutzeko tailerra Lobianon

Ermuko Udaleko Kultura Sailak Txinako eta Japoniako gastronomia eta tradizioak ezagutzeko tailerra antolatu du, 18 urtetik gorakoentzat. Azaroko astelehenetan izango da, 18:00etatik 20:00etara, Lobianon
Imagen
15.10.26
Greg Izor Blues Quartet taldeak Estatu Batuetako bluesa ekarriko du Ermura

Laukoteak urriaren 17an, larunbatean, joko du Lobiano Kulturgunean, 20:00etan
Imagen
14.10.26
Arcoren kontzertua ostiral honetan, Ermua Antzokian

Granadako abeslari eta konpositoreak kontzertua emango du urriaren 16an, 20:30ean. Bere musikan, letra landuak, soinu akustikoak eta rock melodikoa uztartzen ditu