Ermua Talentic jardunaldiei ekiteko prest?
Ermuko Udalak eta Izarra Fundazioak Ermua Talentic jardunaldien laugarren edizioa antolatu dute ekainaren 11 eta 12rako. Izarra Centre eraikineko bosgarren solairuan izango da ekimena, eta talentua, ziurgabetasun garaiak eta sarean lan egitearen abantailak izango dira bi egunetako gai nagusiak. Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateen Ministerioaren, Innpulso Sarearen, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren eta TECHFriendly enpresaren babesa dute jardunaldiek.
Programazioa bi egunetan zatitzen da: batetik, ekainaren 11n, asteazkena, "Talentua ziurgabetasun garaian" izango da mintzagai, eta enpresa munduari zuzenduta egongo da bereziki. Antolatzaileen ongi-etorri instituzionalarekin hasiko da eguna, eta Mar Alarcón SocialCar plataformaren sortzaileak inspirazio hitzaldia eskainiko du. Jarraian, industriaren erronkei buruzko mahai-ingurua egingo da Egui, CAF eta Ikor enpresetako kideekin, eta atsedenaldi labur baten ostean, beste hiru atal landuko dira: erronken eta erregulazioen tailerra Margube, AIC eta Merkataritza Ganberarekin, talentu eskasia Adecco, Tekniker, Novia Salcedo eta ArcelorMittal enpresekin eta, amaitzeko, automobilgintzaren sektoreari buruzko hitzaldi borobila FICOSAko Ignasi Castellóren eskutik.
Bestetik, ostegunean, ekainak 12, "Sareko talentuak eraldatu egiten gaitu" lelopean, erakunde publikoak izango dira ardatz. Ermuko Udalaren, Innpulso Sarearen eta Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren irekierari jarraiki, talentuak administrazio publikoetan duen eraldaketa indarra jorratuko dute udal eta instituzio publiko ezberdinetako ordezkariek. Jardunaldian zehar Innpulso Transformaren heldutasun-gidaren aurkezpena egingo da, eta parte-hartzaileen ahotsak entzun eta jasotzeko, elkarrekin sortzeko tailerra burutuko da. Eguna eta Ermua Talentic jardunaldiak amaitzeko, bi egunetan zehar jasotako ondorioen inguruan mintzatuko da Adela Artero Innpulso Sareko idazkaria.
Hausnarketa egiteko, ezagutza partekatzeko eta sinergiak batzeko aukera izango da foro dinamiko eta aberasgarri batean. Zatoz!
Lerro hauen ostean topatu dezakezu programazio osoa, Dokumentuak atalean.
Lotutako albisteak

Herritarrok proposamenak egin ahal izango dugu ekainaren 25era bitartean

Saioa ostegunean izango da, 10:30etatik aurrera

Sei urtetik gorako 1.126 perstonak bozkatu dute eta ikastetxeetan oraindik saioren bat egiteke dago