Ermuak, Eibarrek eta Zaldibarrek hitzarmena sinatu dute udalerrien arteko bidea suspertzeko
Ermua, Eibar eta Zaldibarko Udalek hitzarmena sinatu dute gaur goizean Zaldibartik barrena Ermua eta Eibar lotuko dituen oinezko eta bizikleta bidearen proiektuari ekiteko. Luzaroan itxarondako proiektua da, duela urte batzuk hainbat arrazoirengatik bultzatua eta geldiarazia, baina orain, lortutako akordio instituzionalari esker, berme guztiekin martxan jarriko dena.
Hitzarmena astearte honetan, uztailaren 22an, sinatu da Izarra Centre eraikinean, Ermuan, Beatriz Gamiz, Jon Iraola eta Eneritz Azpitarte Ermua, Eibar eta Zaldibarko alkateen partaidetzarekin.
Ermua eta Eibar lotuko dituen proiektu berria bide atsegin, seguru eta jasangarri gisa pentsatuta dago, herrien artean oinez edo bizikletaz modu erosoan mugitu ahal izateko. Horrela, mugikortasun aktiboa ere sustatzen da, ibilgailu pribatuaren erabilera murriztuz eta inguruko herrien arteko harremana hobetuz.
Beatriz Gamiz Ermuko alkateak adierazi duenez, "hitzarmena sinatzea urrats sendoa eta beharrezkoa da proiektu eraldatzaile bat desblokeatzeko, udalerrien arteko lotura fisikoa hobetzeaz gain, gizarte- eta lurralde-kohesioa ere hobetzen duena. Ermuan bide honen aldeko apustua egin dugu beti, herritarren bizitza hobetzeko erakundeen arteko lankidetzan sinesten dugulako".
Gamizek nabarmendu duenez, "bideak pertsona askoren eguneroko joan-etorriak erraztuko ditu, bizi-ohitura osasungarriak sustatuko ditu eta oinezkoentzako eta txirrindularientzako ingurune seguruagoa sortuko du. Pertsonentzat pentsatutako proiektua da".
Jon Iraola Eibarko alkateak azpimarratu duenez, "gure herritarren eskaria izan da luzaroan. Pertsona askok adierazi dute eguneroko joan-etorriak egiteko aukera emango duen ibilbide bat behar dugula, autoaren mende egon gabe eta errepide bat gurutzatu behar izan gabe, eta gaur egun hori lortzetik gertuago gaudela esan dezakegu. Elkarrizketa, erakundeen arteko lankidetza eta, batez ere, aurrera egiteko borondate politikoa nagusitu dira".
Bestalde, Eneritz Azpitarte Zaldibarko alkateak akordioaren garrantzia azaleratu du, 2022ko hitzarmenaren aldean hainbat hobekuntza ekarriko dituelako: “Zalantzarik gabe, akordio onuragarria da hiru erakundeentzat eta hiru udalerrietako herritarrentzat. Ibur-Errekak sarrera duina izango du azkenean, eta herritarrek behar bezalako espaloia eta bizikletentzako bidegorria izango dituzte erabilgarri, BI-3344 errepidearen bazterrean”. Halaber, Azpitartek hiru udalen arteko elkarlana goraipatu du, “lankidetzari eta elkar-ulertzeari esker herritarren bizimodua hobetzeko ezinbesteko aurrerapausoak ematen baitira”.
Akordioak, besteak beste, honako hauek jasotzen ditu: hasierako proiektuaren eguneratze teknikoa, etorkizuneko bidea mantentzeko ereduaren definizioa eta inplikatutako administrazioen arteko erantzukizunen banaketa proportzionala.
Hiru udalek konpromisoa hartu dute datozen hilabeteetan modu koordinatuan lan egiteko, bide berriko obrak egiteko aukera emango duten fase tekniko eta administratiboei lehenbailehen ekiteko helburuarekin.
Lotutako albisteak
Abenduaren 3an Izarra Centre eraikinean, enpresa eta eragile nagusiak partaide izanik
Hiri Hezitzaileen Egunean jolasak izango dira ikasleentzat, txokolate-jana eta Gabon Postal lehiaketako lan irabazlea ezagutaraziko
‘Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?', antzelana, ostiralean 20:30ean