Errotabarriren igoera fasea eta kadeteen Monroe Txapelketa asteburuko kirol ardatz

Kirola eta horren barne baloidun espezialitate bi izango dira gaur hasiko dugun asteburuaren ardatz. Errotabarri senior taldeak Urrezko Mailara igotzeko faseko lehen partida jokatuko eta Toledoko ‘Casa Alvárez Imperial’ eskubaloia hartuko du. Bihar larunbata M.A. Blanco kiroldegian 18:30etatik aurrera.
Taldeak B multzoko sailkapen orokorreko bigarren postuan amaitu du Liga erregular bikaina. Taldeak 44 punturekin amaitu du Liga, 26 partida jokatu ostean. Horietatik 21 irabazi ditu, 2 berdindu eta 3 galdu. Toledoko ‘Casa Álvarez Imperial’ eskubaloi taldea, bestalde, D multzoko txapelduna izan da, 41 puntu, 20 garaipen, berdinketa bat eta bost porrotekin. Horregatik, igoera fasearen itzuliko partida etxean jokatuko du, 8 egun barru, maiatzaren 3an, larunbata, 19:30ean.
Mikel Martin entrenatzaileari elkarrizketa egin zioten bart EuskalKirola TBko magazine saioan. Taldearen azken orduaren eta igoera fasearen analisiaren berri eman zuen, baita partida gainditzen duten taldeek jokatuko duten lauko finalarena ere. 17 minutuko elkarrizketa sakona da, lasterbidez lotuta uzten dizueguna EuskalKirola TBk duen Youtube kanalean. Elkarrizketa 41:45etik 58:52ra bitarteko denboran gauzatzen da, emanaldiari amaiera ematen diolarik.
Fasearen emaitza edozein izanik ere, biharko partida festa handia izango da denboraldi historiko honen barne. Jokalariek guztia emango dute. Beti bezala, euren onena emango da eta bihotza jarriko dute garaipena eta markagailuan tartea lortzeko, horrek bueltako partidurako aukerak emango lioke taldeari eta igotzeko ametsari eutsi. Aldez aurretik irabazita daukate, herriko zaleen babesa eta errespetua da.
Zortzi klub lehiatuko dira VIII. Monroe txapelketan T. Zuazua eta Betiondo futbol-zelaietan
Ermua Kirol Elkarteak Tenneco Monroe Kadete mailako Futbol Txapelketaren zortzigarren edizioa antolatu du. Txapelketa bihar apirilaren 26an, jokatuko da Teodoro Zuazua Udal Zelaian eta Betiondo kirol gunean.
Futbol txapelketa honetan zortzi klub bilduko ditu guztira, bi taldetan banatuta. Ermua CD etxeko taldearekin batera, A Coruñako Deportivo, Erreala eta Osasunako jokalari kadeteek A multzoan jokatuko dute, eta SD Eibar, Athletic, Alaves eta Bartzelonako RCD Españolek B multzoan neurtuko dituzte indarrak.
Norgehiagokak 9:30ean hasiko dira, eta goizean zehar jokatuko dira partidak. Merezitako atsedenaldiaren ondoren, Teodoro Zuazua zelaiak hartuko du txapelketaren azken txanpa. 16:00etan, A multzoko lehenak B multzoko bigarrenaren aurka jokatuko du, eta 16:45ean, B multzoko liderrak A multzoko bigarrenaren aurka jokatuko du.
Finalerako txartela lortzen ez duten bi taldeek 3. eta 4. postuengatik jokatuko dute 17:30ean, eta 18:15ean izango da final handia.
Lotutako albisteak

Polizia Nazionalari eskaera egin dio, administrazio hurbil eta digitalki eskuragarriaren bidean aurrera egiteko

Maiatzaren 3tik ekainaren 12ra ordu gehiago irekiko ditu egunero eta baita asteburuetan ere

Aste honetan "La chica de las Aguja", "Por todo lo alto", "Un funeral de locos" eta "La Luz de Aisha" proiektatuko ditu