Haurrentzako magia eta eskulan tailer berrietan izena emateko epea zabalik

18.03.25
Udal Liburutegia
Kultura eta Gazteria
Liburutegiak doako tailer horiek berrantolatu ditu, zeinak apirilean eta maiatzean egingo diren

Urrian eta azaroan eman ziren haurrentzako magia eta eskulan tailerrek harrera eta balorazio ona izan zuten, eta, ondorioz, liburutegiak berrantolatu egin ditu.

2013., 2014. eta 2015. urteetan jaiotako adingabeentzako magia tailerra euskaraz emango da. Lau saio izango ditu eta liburutegiko hirugarren solairuan egingo dira ondoz ondoko lau asteartetan, 17:30etik 18:30era. Apirilak 1, 8, 29 eta maiatzak 6 dira tailerren datak.

Saio horietan landutako magia-trikimailuek parte-hartzaileen oroimena eta kontzentrazioa frogan jarriko dute, partaideen espiritu kritikoa eta sormena sustatuko dituzte, autoestimua hobetuko eta porrotarekiko tolerantzia indartuko diete.

Gainera, tarte dibertigarria izango dute eta lagun berriak egin ahal izango dituzte. Aurreko tailerreko trikimailuak ez dira izango, desberdinak oraingoan eta, horiek egiteko, kartak, txanponak, billeteak, egurrezko makilatxoak eta koilarak erabiliko dira.

Eskulanen tailerra ere euskaraz emango da, eta 2019an eta 2020an jaiotako adingabeentzat izango da. Beste lau saio egingo dira liburutegiko hirugarren solairuan, ondoz ondoko lau asteazkenetan, 17:30etik 18:30era. Datak apirilaren 2, 9 eta 30a eta maiatzaren 7a dira.

Saio bakoitza gai jakin bati buruzkoa izango da, eta material espezifikoekin lan egingo da: lehena birziklatze-tailer bat izango da, eta bertan jostailuak sortuko dira; bigarrena sukaldaritza artistikoari eskainiko zaio, eta haurrei hainbat elikagai erabiliz beren sorkuntzak egiteko aukera emango die; hirugarren saioan, zapiak apainduko dira eta marrazkiak egingo dira eskuak estanpatzeko teknikarekin. Azkenik, maiatzaren 7ko saioan pintura artistikoa praktikan jarriko da.

Tailer hauek doakoak dira eta horietako edozeinetan izena emateak, plaza lortuz gero, lau saioetara joateko konpromisoa dakar. Plazak mugatuak dira eta izena martxoaren 29ra arte eman daiteke onlineko agiri honen bidez.

Lekuak baino eskaera gehiago badaude plazak zozketaz esleituko dira eta lehentasuna izango dute Ermuan erroldatuta daudenek eta izena ematen duten tailerraren aurreko edizioan parte hartu ez dutenek. Onartutakoen zerrenda udalaren webguneko iragarki-taulan argitaratuko da martxoaren 31n, eta izena eman duten guztiei jakinaraziko zaie.

Lotutako albisteak

Imagen
11.06.25
Musika eta festa nagusi asteburu honetan Ongarain

Auzoko jaiak ospatuko dira ostiral eta larunbatean eskolako jolastokian
Imagen
10.06.25
Banarte Antzerki Taldeak "Cuentra atrás" aurkeztuko du Ermuan

Antzezlana ostiral honetan izango da 20:30etatik aurrera Ermua Antzokian
Imagen
Ermuko I. Gazte Futbito Txapelketa Betiondon | I. Torneo Juvenil de Futbito en Betiondo
09.06.25
Ultra Marlatin taldeak irabazi du Ermuko I. Gazte Futbito Txapelketa

130 pertsonatik gorak eta 14 taldek parte hartu dute larunbat eta igandean Betiondoko kantxan