"Lee Miller" eta "Una ballena", Ermua Antzokiko zine egitarauan

Badator Aste Santua eta ondo merezitako atseden egunak. Opor txiki hauetaz gozatzeko, Ermua Antzokiak lau film berri eskainiko ditu ostegunetik astelehenera bitartean. Zineklub saioarekin hasiko da programazioa ostegunean, apirilak 17. Bertan, Secretos de un crimen pelikula britainiarra eskainiko da. Sandhya Surik zuzendutako lanak Shahana Goswami, Sanjay Bishnoi eta Sunita Rajwar ditu protagonista, eta Indian girotuta dago. Gobernuaren plan bati esker, alargundu berri den Santoshek bere senarraren lana heredatzen du, India iparraldeko nekazal eremu bateko polizia agente gisa. Beheko kastako neskato bat bortxatuta eta erailda agertzen denean, Sharma inspektore feminista karismatikoaren babespean ikerketara bultzatuta ikusiko du bere burua. Secretos de un crimen ostegunean 20:30ean eskainiko da jatorrizko bertsioan azpitituluekin.
Zine komertzialari dagokionez, lehenik Una ballena filma izango dugu ikusgai, larunbatean 19:30ean. Ingrid García Jonsson, Ramón Barea eta Kepa Errasti aktoreak dira protagonista Pablo Hernando zuzendari espainiarraren fantasiazko thriller honetan. Ingridek kakoa sakatzen duenean, biktimek ez dakite nork egin dien tiro. Arrastorik utzi gabe infiltratu eta desagertzeko duen trebetasunak soldatapeko hiltzaile gupidagabe bihurtzen du. Botere hori, ordea, beste mundu batetik dator, munstro izakiak bizi diren tokitik, gero eta gizatiarrago azaleratzen den horretatik. Una ballena astelehenean ere ikusi ahal izango da, 20:30ean.
Asteko bigarren film komertziala Lee Miller izango da, Ellen Kuras zuzendari estatubatuarraren azken lana, Kate Winslet, Josh O'Connor, Andrea Riseborough eta Andy Samberg bezalako aktoreekin. Benetako gertaeretan oinarritutako film honetan, Elizabeth "Lee" Miller ezagutuko dugu, Bigarren Mundu Gerran gerra-korrespontsal ospetsu bihurtu zen modako modeloa. Emakume honen bizitza interesgarriaren inguruan gehiago jakin nahi baduzu, Lee Miller larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean izango da ikusgai.
Haurrentzako programazioari begira, igandean 17:00etan Kaixo Frida animaziozko pelikula eskainiko da euskaraz. Ezberdina den neskato baten istorioa da. Bere mundua Coyoacán da, Mexiko Hiria. Txinpartatsua, bizia, dena interesatzen zaio, eta zailtasunak sortzen direnean, irudimen gainezka batekin egiten die aurre. Neska honek Frida Kahlo du izena.
Lotutako albisteak

Aste honetan "La chica de las Aguja", "Por todo lo alto", "Un funeral de locos" eta "La Luz de Aisha" proiektatuko ditu

Ikasturteko lanen erakusketa hartuko apirilaren 28tik maiatzaren 9ra bitartean

Zineklubean ‘Misericorde’ eta haurrentzat 'Minecraft filme bat’ euskaraz emango dira