Pintura Eskolako ikasleen sormena eta lanak ikusgai izango Lobianon
Ermuko Pintura Eskolako ikasleek hemendik gutxira bukatuko den 2024-2025 ikasturtean egindako lanak ikusgai jarriko dituzte Lobiano Kultur Gunean. Erakusketa apirilaren 28tik maiatzaren 9ra bisitatu ahal izango da, asteko lanegunetan arratsaldeko 6etatik 8etara. Maiatzaren 1ean eta 2an erakusketa itxita egongo da, langileen eguneko jaiegunak dakarren zubiaren ondorioz. Sarrera librea eta doakoa da.
Pintura Eskolako arduradunek erakusketa bisitatzeko dei orokorra egin dute. Erakusketa honen antolaketa, muntaian eta garapenean familiek parte hartuko dute eta bildumak ikasleen lan koloretsu eta askotarikoak aurkeztuko ditu. Cristina Sánchez arte terapeuta eta irakaslearen hitzetan, "lan bakoitzak ikasleen talentua, emozioa eta pasioa islatzen ditu, beren ideiei bizia emateko hainbat teknika eta material aztertu eta erabili baitituzte. Erakusketa artistiko bat baino gehiago da, egile bakoitzaren sormenaren eta adierazpen pertsonalaren bidezko bidaia" adierazi du.
Eskolako arduradunek mezua bidali diete familiei, margolaritzaren eta marrazketaren artean ikasten eta trebatzen ari direnen proposamenak bertatik bertara ezagutzera gonbidatzeko. Herritar guztiei Eskolara hurbiltzeko gonbite zabala egiten diete baita ere, "artea atzeman eta sormena trazu, kolore eta forma bakoitzean adierazten den espaziora. Zatozte arteak konektatu, inspiratu eta eraldatzen duen giroaz gozatzera. Zuen zain gaude!" adierazi dute eskola kideek.
Informazio gehiago nahi izanez gero, jo Lobianoko Pintura Eskolara -hirugarren solairuan- edo idatzi pinturaeskolalobiano@gmail.com postontzi elektronikora.
Lotutako albisteak
‘Ciudad sin sueño’, ‘La larga marcha’, ‘Playa de Lobos’ y ‘Tigre galdua’ proiektatuko ditu
Aurten lanak formatu digitalean aurkeztu ahal izango dira, otsailaren 6ko 14:30etara bitartean
Meltxor, Gaspar eta Baltasar Ermuan ibiliko dira ehunka lagunekin eta ehunka kilo gozoki banatuko dituzte