Udala tenperatura altuak prebenitzeko udal plana lantzen ari da
Alkateak bultzatutako Udal Plana prestatzen ari da Ermuko Udala, tenperatura altuen boladei aurre egiteko. Tresna horri esker, udalerriak aurrea hartu, baliabideak koordinatu eta modu ordenatuan erantzun ahal izango du bero handiko boladen aurrean.
Planaren xedea da herritarren osasuna eta ongizatea babestea tenperatura altuen ondorioen aurrean, arreta berezia eskainiz kolektibo kalteberenei: bakarrik bizi diren adinekoak; haurrak; gaixotasun kronikoak dituzten pertsonak; desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonak; gizarte-kalteberatasuneko egoeran dauden pertsonak; eta aire zabaleko zereginak egiten dituzten langileak.
Beatriz Gamiz alkateak adierazi duenez, "gaur egun muturreko beroa ezin da salbuespenezko egoeratzat hartu. Gero eta ohikoagoak diren tenperatura altuko gertaerekin bizi beharko dugu, eta tokiko erakundeetatik prestatzeko, aurrea hartzeko eta gehien behar dutenak zaintzeko ardura dugu".
Planaren zirriborroak udalaren jarduera-maila desberdinak jasotzen ditu, dagoen arriskuaren arabera: udako hilabeteetan ohiko prebentzio-fase batetik hasi eta muturreko beroagatiko abisu-, alerta- edo larrialdi-mailaraino. Horietako bakoitzean, komunikazio-neurriak, barne-koordinazioa, jardueren egokitzapena eta pertsona kalteberenen babesa aurreikusten dira.
Aurreikusitako jardueren artean, herriko espazio freskoak edo aterpe klimatikoak identifikatu eta ezagutaraztea, aire zabaleko udal-jardueren zerrenda berrikustea, beroaren eraginpean dauden udal-langileen ordutegiak eta zereginak egokitzea, herritarrentzako gomendioak prestatzea eta pertsona kalteberen jarraipen-protokoloak aktibatzea daude.
“Planak begirada bikoitza du”, adierazi du Gamizek. “Alde batetik, udal barrurantz, udaleko langileak ere babesteko, bereziki kanpoan lan egiten dutenak. Eta, bestetik, kanporantz herritarrengana begiratu, Ermuak erantzun prebentibo, koordinatu eta eraginkorra izan dezan bero handiko egunetan”.
Berriki izandako tenperatura altuko egunetan, udalak jada hartu ditu bere langileei zuzendutako barne neurriak: esaterako, egun erdiko orduetan kanpoko lanak saihesteko instrukzioa eman eta barneko eraikinetan beste zeregin batzuk lehenestea, premiazkoak ez zirenak atzeratuz. Halaber, haizagailuak erosi ditu udal bulegoetan baldintza termikoak hobetzeko.
Plan berriak neurri puntual horietatik haratago joan nahi du, eta jarduteko esparru egonkorra ezarri
“Tresna erabilgarria, errealista eta Ermura egokitua izatea da helburua, eta ez beste dokumentu hutsa”, azpimarratu du alkateak. “Plan partekatua izatea nahi dugu, hobeto koordinatzen lagunduko diguna eta eraikitzen jarraitu nahi dugun udalerri zaintzailearen gure ideia indartuko duena”.
Tenperatura altuen aurkako udal Prebentzio Plana tresna bizia izango da, urtero berrikusiko dena, hartutako neurriak ebaluatzeko, hobekuntzak txertatzeko eta udal zerbitzuak eta espazio publikoa pixkanaka klima agertoki berrietara egokitzeko aukera emango duena.
"Ermua udalerri trinkoa da, kaleko bizitza askokoa, adineko biztanleak ditu, udan kirol-, kultura- eta jai-jarduerak izanen ditu, eta auzoek malda eta ibilbide zorrotzak dituzte. Horregatik, errealitate horri seriotasunez eta erantzukizunez begiratu behar diogu", gaineratu du Gamizek. Planaren ideia nagusia honakoa da: "beroaren aurrean, Ermua zaintzen da".
Lotutako albisteak
Ermuko Udalak, azaroaren 29an egingo diren Espainiako Gorte Nagusietarako hauteskundeei begira, Hautesle Errolda kontsultatzeko aukera eskaintzen die herritarrei urriaren 12tik 19ra bitartean, biak barne
Proposamenak familiei eta baliabide ekonomiko gutxien dituzten pertsonei zuzendutako laguntza-neurriak indartzen ditu; besteak beste, hobari berriak OHZan, Kulturan eta Kirolean, eta kultura-tarifak bere horretan mantentzea