Benetako berdintasunaren aldeko borroka gogora ekarriko da bihar, martxoaren 8an
Emakumearen alorrak, Udal Kontseiluak eta Topaguneak eta beste hainbat taldek emakumeen bizi-kalitatearen aldeko borroka bizirik eta indarrean dagoela aldarrikatuko dute bihar. Martxoaren 8a denez gero, ‘Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna’ ospatuko dugu. Hori dela eta, programa berezi eta zabala antolatu da. Programa horren barne gaur arratsaldean hitzaldia emango du Mª Rosario Arrizabalagak. Honek ‘Emakume Sahararrak: berdintasunaren aldeko borroka baita ere” titulupean hitz egingo du, Emakumearen Topagunean, arratsaldeko 7etatik aurrera.
Programaren jarduera gehienak bihar gauzatuko dira. Jarduerei hasiera emango zaie arratsaldean, Aurtengo nobedadea pertsonak erabilita herriko plazan osatuko den puzzle erraldoia da. Hori osatzen hasiko dira arratsaldeko lau eta erdietatik aurrera eta herritarren kontzentrazioa hasi bitartean. Ekimen honetan nahi duten guztiek parte hartu ahal izango dute. Puzzlearen bidez antolatzaile eta parte hartzaileek berdintasuna aldarrikatuko dute. Arratsaldeko sei eta erdietan, urteroko legez herri kontzentrazioari ekingo zaio. Gauean, eta emakume zuzendariei dedikaturiko zikloaren barne, laburmetraien proiekzioa egingo da Lobiano Kulturgunean, gaueko hamarrak eta laurdenetatik aurrera.
Programa horretan ere beste hainbat kultur jarduera erakargarriak biltzen dira. Horren adibide, Charo López aktore ospetsuak, gure herrian egingo duen antzezpena martxoaren 16ko ostiral gauean, ‘Tengamos el sexo en paz’ titulatutako obra aurkeztuz. Antzezpena Zineman egingo da, gaueko hamarrak eta laurdenetan. Sarrerak aldez aurretik salduko ditu udal kultur sailak datorren astelehenean. Hori baino lehen, martxoaren 11ko igandean, Ondarroako Helduen Antzerki Taldeak, ‘Gixonak’ obra antzeztuko du, Lobianon, arratsaldeko 7etan hasita. Azken ikuskizun hori Korrika Kulturalaren barne txartatzen da.
Lotutako albisteak
Aurten lanak formatu digitalean aurkeztu ahal izango dira, otsailaren 6ko 14:30etara bitartean
Jai-egunetan itxita egongo eta ordutegiak egokituko dituzte, bihar guztiek 12:00etan itxiko
Kultura eta indarkeria sexistaren aurkako 20 bideo aurkeztu dira aurtengo lehiaketara