-Irakurri, gozatu eta oparitu- kanpaina abian da
Udal liburutegiak, ‘Euskal Birusa’ elkarteak eta herriko bi liburu-dendek bat egin dute Topaguneak –euskara elkarteen Federazioak- gaur ‘Irakurri, gozatu eta oparitu’ lelopean hasi duten kanpainarekin. Ekimenari gaur eman zaio hasiera, Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen dugun honetan. Ekimenaren esparrua Euskadiko Autonomi Erkidegoa da eta horretara bildu dira hamalau liburutegik, Ermukoa barne. Ekimena bi hilabetez luzatuko da, ekainaren 22ra bitartean, hain zuzen ere. Kanpaina horren xede nagusia euskarazko produktuen irakur zaletasuna sustatzea da, euskarak gozatzeko ez ezik oparitzeko ere duen balioa azpimarratuz.
Horrez gain, helburutzat ere jo dira, besteak beste, Euskal Birusa elkarteko kideak udal liburutegiko erabiltzaile aktiboagoak bihurtzea artean, erakunde publiko eta pribatuen arteko lankidetza sustatzea eta horien arteko harremanak euskaraz bideratzea, euskarazko literatur ekoizpena bultzatzea eta, horrekin batera, argitaratutako hori hedatu eta saltzea.
Egitasmoaren funtzionamendua sinplea da: parte hartzen duten herrietako liburutegietan, euskarazko 100 liburu egongo dira aukeran, kanpainarako beren-beregi jarritako apalategi batean. Liburu horietatik, 90 berdinak izango dira herri guztietan, eta beste 10, berriz, herrian bertan aukeratutakoak. 90eko multzoaren aukeraketa Patxi Zubizarreta idazleak egin du, hainbat irizpideren arabera (adin-tarte guztientzako liburuak egotea, genero literario ezberdinak, genero ikuspegia, nobedadeak eta klasikoak...). Ondoan, ordenagailu batek aukera emango du egitasmoaren webgunean sartu eta liburu guztien inguruko informazioa jasotzeko (sinopsia, egileen biografia, jasotako kritikak...).
Gozatu eta oparitu!
Egitasmoan parte hartu nahi dutenek, ehun liburu horietako bat aukeratu, maileguan hartu eta irakurtzeko aukera izango dute. Liburua itzulitakoan, liburuaren inguruko iritzia jasotzeko fitxa sinple bat bete beharko da. Fitxa betetakoan, irakurleak deskontu txartela jasoko du liburua besteren bati oparitzeko. Txartel horrekin, irakurri berri duen liburua % 25eko deskontuarekin erosi ahal izango du Ermuko ‘Xiripot’ eta ‘Maribel’ liburu-dendetan. Herriko euskara elkarteko kideek, gainera, are deskontu handiagoa izango dute. Liburua erositakoan, lagunaren helbidea eta postala edo oharra utziko da dendan bertan, eta ‘Euskal Birusa’ euskara elkarteak helaraziko dio hartzaileari.
Lotutako albisteak

Larunbat honetan izango da, 17:30etik aurrera, Lobiano Kultur Gunean

Maiatzaren 15eko saiorako izen emateak zabalik daude. Saioa 17:30etik 19:30era egingo

Maiatzaren 3tik ekainaren 12ra ordu gehiago irekiko ditu egunero eta baita asteburuetan ere