Zipriztintzen, berdintasunaren aldeko Ermuko gizon taldea
Gure udalerriak aktiboki benetako berdintasunaren alde lanean jarduteko asmoa duen gizon talde berria du. Taldea eratu berria da eta bart arratsaldean ofizialki aurkeztu zuen bere burua Emakumearen Topaguean eginiko agerraldian. Taldea hamabost gizonek osatzen dute, maskulinotasun klasikoaren kontzeptua birdefinitzen eta edozelako sexismo moduaren kontra lan egingo dutenak. Taldeko kideen jatorria eta izaera homogeneoa da. Bertan adin guztietako kideak daude, hogei urtetik hasi eta berrogeita hamar pasatxora bitartekoak.
Taldeko kideek gizonaren kontzeptuaren inguruan barne hausnarketa ildo bikoitza jorratuko dutela adierazi dute. Horretarako hitzaldiak, tailerrak eta sentsibilizazio jarduerak egingo dituzte, ohiko maskulinotasun eredu tradizionalari lotzen zaizkion eredu eta aurreiritziak gainditzeko. Lan horretan aspektu ezberdinak landuko dituzte, besteak beste, ondoko hauek: guraso diren aldetik dagokien papera, sentimenduak adieraztearen egokitasuna, pertsonekiko harreman afektiboak eta gainerakoak edo generoari loturik dagoen lehiakortasuna. Taldeak bere burua antisexistatzat eta feministatzat du. Bere sorburua, urte hasieran Emakumearen Topaguneak maskulinotasunaren inguruan egindako ikastaro batean dago.
Kanpaina berezia laster martxan, ur botilatxoen bidez
Taldeak ‘Zipriztintzen’ izena jarri dio bere buruari, bere asmoa gure gizartearen mentalitatea apurka-apurka aldatzen joatea baita. Taldearen helburu nagusia “sexismoari aurre eta kontra egitea da, gure gizartean maskulinotasun eredu berria eratu eta ezartzeko”. Taldearen ustez, gizonok berdintasunaren bidea landuta asko dugu irabazteko”. Hori horrela, datozen asteetan kanpaina berri bati emango diote hasiera. Kanpaina horren bidez ur botilatxoak erabiliko dituzte berdintasunaren aldeko mezuak zabaltzeko. Botilatxo horiek hainbat tabernatan eskaini eta salduko dira. Kanpaina hori ahalbidetzeko ur minerala ekoiztu eta botilaratzen duen euskal enpresa batekin akordioa egin dute.
Lotutako albisteak
‘Led Silhouette’ eta M. Morauren lana, ostiral honetan 20:30ean
Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.
Bazkideentzako jarduera bereziak eta doakoak kiroldegian
