Txupinazoak hasiera ofiziala emango die gaur herriko jai nagusiei
Gaur arratsaldean botako den txapliguak herriko jai nagusiei hasiera emango die ofizialki. Txapliguak hiru eguneko eta atseden eta neurririk gabeko jaiari hasiera emango dio. Txapligua arratsaldeko zazpietan botako da Orbe Kardinalaren plazatik. Zertxobait lehenago herriko alkate Carlos Totorikak bertaratutako guztiak agurtu eta jai zoriontsuak pasatzeko esango die. Txapligu ofiziala botatakoan txaranga kideek joko dituzten bonboen eta turuten soinuei leku egingo zaie. Gaur arratsaldean botako den txapligu hori, jai egunetako bakarra izango da udalak ekidin nahi baitu jaiak eragotzi dezaketen bestelako elementurik. Horregatik, aurten txapligu bakarra botatzea eta egiteko hori piroteknia enpresa ospetsu baten esku uztea erabaki du udalak. Enpresa horrek langile aditu bat ekarriko du zeregin horretarako, datorren igandean ere, herrian izango baita su artifizialak jaurtitzeko.
Kalejira bitan banatuko da: aurrean busti nahi ez dutenek eta Pololaren atzeak inporta ez zaienak
Txupinazoaren ondoren txarangak aurkezteko ekitaldi eta kalejirari hasiera emango zaio herriko kaleetatik zehar. Kalejira hori ‘Irulitxa’ fanfarriak eta beren musikak girotuko dute. Iazkoan bezala, Txarangen batzordeak ohar bat zabaldu du txaranga kideen eta herritarren laguntza eskatuz inork kalejirari uko egin ez diezaion, batez ere busti nahi ez duten guztiek, azken urteetan balkoietatik ura botatzea ohitura bihurtu baita. Hori ekiditeko, kalejira bitan zatituko baita. Busti nahi ez dutenek lehenengo aterako dira desfilean fanfarriaren atzetik. Segidan, bustitzea inporta ez zaien guztiak joango dira, Polola kopinaren atzetik.
Kalejiraren ibilbidea ondorengo hau izango da: Orbe Kardinalaren plaza, Zubiaurre, Sexto Centenario, merkatu plazatik eta San Pelaio kaletik, Mallabirako bidean dugun errotondara bitartean, Zeharkalea, Valdespina Markesa eta berri ere plazara.
Gaueko hamaiketan, herriko plazan, lehenengo dantzaldiari emango zaio hasiera. Dantzaldian ‘Tarantella’ orkestrak joko du. Ordu berean ere, hasiera emango zaie Valdespina Markesaren parkean hiru egunez egingo diren rock kontzertuei. Gaur gauean lehenengo kontzertuan bi taldeek joko dute: Baionako ‘Infest’, eta Bilboko ‘Neurotika’ izenekoak.
Lotutako albisteak

Maialen Calderonek eta Marta Fernandezek irekiko dituzte jaiak eta kartela egile katalan batena da

Antzokian, ostiralean, 20:30ean. Sarrera 8 euro balio du

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude