Jabier Muguruzak kantaldia emango Lobianon

27.11.08
Kultura eta Gazteria

Jabier Muguruza musikariak Ermuan kantatuko du bihar gauean. Emanaldia Lobiano Kultur Gunean izango da, gaueko hamarrak eta laurdenetatik aurrera. Sarrerak bost euro bakarrik balio du. Ikuskizuna udal kultura sailak antolatu du eta aurtengo San Martin kulturalaren inguruko programazioan txertatzen da. Gipuzkoarra ‘konplizeak’ tituluko bere azken lana aurkeztera dator.

Jabier Muguruzak sari garrantzitsua jaso du aurtengo Musika Sarietan. Horretan, ‘Irene’ titulukoa pieza euskarazko abestirik onena gisa aukeratu eta saritu da. Abesti hori konplizeak izeneko azken lanekoa da.

Kantariaren inguruko datu biografikoak

Jabier Muguruza 1960an jaio zen Irunen, eta bost urte zituela musika munduan murgildu zen, akordeoia jotzen. Zazpi urterekin Europako txapelketa eskuratu zuen instrumentu horrekin, haurrentzako kategorian. Hainbat urtez kontzertuak ematen aritu ondoren, proiektu ezberdinetan parte hartzen hasi zen, eskusoinuaz beti ere, bai rock bai kantautore munduan: Zarama, Imanol, Kortatu, Antton Valverde, Xabier Lete, Delirium Tremens...

1989an, bide pertsonalago bati ekinez, haurrentzako disko bat grabatu zuen, "Ja, Ja" izenekoa (IZ, 1989). 1990ean Les Mecaniciens pop taldea sortu zuen, modu horretara hiru lan kaleratu zituelarik: "Erabakia" (Elkar, 1990), "Ia Xoragarria" (Elkar, 1992) eta "Euskadi jende gutxi" (Esan Ozenki, 1993).

Era berean, Joxe Ripiauren partaide ere izan zen, taldearen sorreratik 2000. urtean desegin zen arte.

Kantautore gisa 94an hasi zen lanean, orain arte honako diskook kaleratu dituelarik: "Boza barruan" (Elkar, 1994), "Kitarra bat nintzen" (Elkar, 1996) "Aise" (Elkar, 1997) "Fiordoan" (E. Ozenki, 1999), "Hain guapa zaude" (Metak, 2001) "Enegarren postala" (Resistencia, 2003), "Liverpool-Gernika" (Hirusta Records, 2004), "Abenduak 29" (Resistencia, 2005) eta "Konplizeak" (Elkar, 2007). Testuei dagokienez, Muguruzarenak berarenak dira batzuk, eta, gainerakoak, Iñaki Irazu, Joseba Sarrionandia, Bernardo Atxaga, J. Luis Padron, Inazio Mujika, Xabier Lete...

Hainbat disko-liburu eta obra kolektibotan parte hartu du, hala nola: "Nueva Etiopia", Bernardo Atxagaren obraren inguruan, "Cantame mis canciones", Jackson Browneren omenez, "Ehungarrenean hamaika", Lauaxetaren testuetan oinarriturik, "Está en nuestras manos", Amnesty Internationalen ekimena, "Itsasoan urak handi dire" Julen Lekuonaren omenez, "Euskadi Galiziarekin", "Acordes con Leonard Cohen", "La mano que mece la luna"...

Jabier Muguruzak, azken urteotan bereziki, Euskal Herritik kanpoko zirkuitoa ireki eta zabaltzea lortu du. Espainian presentzia sendoa izateaz gain, lan egin du Frantzian, Alemanian, Erresuma Batuan, Brasilen...

Lotutako albisteak

Imagen
18.07.25
Jarduera ugari izango dugu, jaien aurreko asteburuan

Egitarauak gustu guztietarako hamabost bat jarduera eskaintzen ditu
Imagen
18.07.25
‘Gatibu’ eta ‘Los Zigarros’ taldeek Santixauei hasiera emango diete

Taldeek kontzertua emango gaur eta bihar, hurrenez hurren, San Pelaion, 23:00etan hasita
Imagen
17.07.25
Dibertsioa eta giro ona nagusi, aurtengo ‘Uda Gazte Jolasak’ jardueran

Gogobetetze-inkestek parte-hartzaileen eta familien gustua islatzen dute. Gazteria Sailak datorren edizioan plazak gehitzeko lan egingo du