2009ko aurrekontua; krisialdiari aurre egiteko tresna
Carlos Totorikak urteko aurrekontu orokorra eta hori egiteko erabili izan diren ildoak defendatu ditu gaurko bileran. Alkateak bere azalpena hasi du gaurkoan Merkataritza Ganberak plazaratu duten txostena gogora ekarriz. Horretan esaten denez aktibitateak %2 behera egingo du eta urteko BPGa negatiboa izango da. Gogoratu du krisialdiak eraikuntzari eta industriari eragiten diola eta azken horren barne bereziki automobilgintzari, Ermuko industriek batez ere horretan jarduten dutelarik, produkzioak %20 behera egin duelarik. Hori horrela, gastu murrizketaren eta hersturaren aurrekontua dela esan du Totorikak, “zenbakiak errealitateari egokitu behar zitzaizkiolako eta aurten izango ditugun diru-sarrerak urriagoak izango direlako”.
Totorikak aditzera eman duenez urtealdi honetan gure udalak 2008an baino %25 gutxiago jasoko du Udalkutxa fondotik . Iaz 12,3 milioi euro jaso genituen eta aurten aldiz, 9,6 milioi jasoko, hortaz, 2,7 milioi gutxiago. Herriko langabetuen tasa bikoiztu egin da azken sei hilabeteetan, irailean %7a baitzen eta martxoan %14 izan baita. Hori gutxi balitz, obrengatik edo hirigintza aprobetxamenduengatik ere gutxiago bilduko da eta zailtasunak jasaten ari diren familien berankortasunak gora egingo duela aurreikusten da. Horren urrean, gobernuko taldeak bi neurritan oinarritu dituela aurtengo aurrekontua, aditzera eman du: ekonomikoak eta antolakuntzakoak. Lehenengo multzoan ondoko ildoak jarraitu direla adierazi du: lehentasunak zehaztea, herstura eta gastua murriztea, gastu arruntak %4ra mugatzea; soldatak KPIra mugatzea eta politikarien ordainak igoerarik gabe bere horretan mantentzea.
Udala aurten zordundu egingo da, guztiari aurre egin ahal izateko
Antolakuntza atalean berriz, ondoko neurriak erabili direla adierazi du alkateak: enplegu atentzio, eta familia zerbitzuak indartzea eta gizarte zerbitzuak bilduko dituen eraikinaren aldeko apustua egitea. Doikuntza horiek taldeak eta langileak elkarrekin eginiko hausnarketaren ondorio izan dira. Bere hitzetan, lanposturik ez galtzeko ekimenak indartu dituzte, trebakuntza sendotuz, norbere enplegua sortzeko aholkularitza suspertuz, enpresa haztegi berria eta herriko merkataritza txikia bultzatuz. Hori guztia egin ahal izateko, aurten udala zordundu egingo da eta 600.000 euroko mailegua eskatuko du.
Udalak inbertsioa mantentzearen alde
Urterako aurreikusi diren inbertsioak ia bost milioi euro suposatuko dute. Inbertsioekin lortu nahi diren helburuak ondorengoak dira: leku aldaketei aurre egin ahal izateko etxebizitza publikoa eskuratzea, Ermua Zinemaren errehabilitazioarekin jarraitzea, auzoetan hobekuntzak egitea –miloi erdi euro horretara zuzenduz-, guzti horri Administrazio Publikoen Ministeriotik jasoko diren bi miloi eta bederatzi ehun mila euro gehitu behar zaizkiolarik.
Horiek horrela, aurrekontuak jasotzen duenez ondokoak egingo dira: Izarra eraikina berriztatzea, edateko ur sarea auzoetan hobetzea, ikastetxeetako energia instalazioak egokitzea, ingurune irizpideekin bat etorri daitezen eta kontsumo elektrikoa gutxitzeko. Azken batean, guztira 3.900.000 euroko inbertsioak. Kopuru horretatik, diru-laguntza bidez 1.447.000 euro jasoko da, kreditu bidez 620.000 euro lortuko da, hirigintza aprobetxamenduetatik 300.000 euro lortuko da eta ondasunak besterentzeagatik berriz 576.000 euro. Gainerako ia milioia udalak berak jarriko du.
Lotutako albisteak

Gure herrian dauden 8.268 motordun ibilgailuen titularrek apirilaren 30etik maiatzaren 30era izango dute borondatezko epea

Ermuak parte-hartze prozesua zabala irekiko du, 2026ko Aurrekontuaren %1 lau adin taldeek erabakitakoaren arabera banatzeko

Proiektuak PSE-EE/PSOE eta EAJren aldeko botoak jaso ditu, Elkarrekin Ermuaren ezezkoa eta EH Bilduren abstentzioa