Whitfield eta Petti kantariek Lobianon emanaldia emango dute

19.02.10
Kultura eta Gazteria

Barrence Whitfield kantari iparamerikarra eta Petti kantautore nafarra Ermura etorriko zaizkigu bihar, Jazz-Blues Bizkaia Zirkuituko emanaldien barne. Ikuskizuna Lobiano Kultur Gunean izango da, arratsaldeko 8etan hasita. Sarrerak 5 euro balio du. Bikotea “Barrence Whitfield eta Petti & the Bloodyhotsak” izeneko diskoa aurkeztera dator, diskoetxe gipuzkoarrarekin argitaratutakoa. Emanaldia akustikoa izango da eta amaiera emango dio asteazkenean hasitako ibilbideari Basaurin hasi, atzo Zornotzatik pasatuz, gaur Leioan izanez eta bihar Ermuan.

Petti eta Whitfield aurreko udan elkartu ziren, grabazio honetarako beren-beregi osatutako The Bloodyhotsaks taldearekin: Joseba Irazoki, Iñaki Guantxe eta Beñat Irureta. Pettik sortutako bost kantu eta Barrence Whitfieldek aukeratutako beste horrenbeste bertsio grabatu zituzten egun gutxitan, elkarrekin jotzen urteak daramatzaten musikariak bailiran. Ahotsak uluka, gitarra zorrotzak eta dantzarako atsedenik ematen ez duten erritmo sendoak aurkituko ditu entzuleak Pettiren kantuetan, eta tempo ertainak, folk giro akustikoak eta ahots gozo-bero bat Whitfieldek abestutakoetan.

Egia esateko, elkarketa musikalak egitera ohituta daude Petti zein Barrence Whitfield; biek ala biek ondo baino hobeto dakite zer den beste musikariekin lan egitea. Kantari nafarrak aurretik eginak ditu horrelako diskoak Anari, Txuma Murugarren eta Rafa Ruedarekin. Eta Whitfieldek, zer esanik ez. Rock&roll, blues, funk eta soul musikaren legenda bat da Whitfield, urte luzez The Savages taldearekin ibilitakoa, Richard Thompson, Solomon Burke, Los Lobos, Taj Mahal eta beste askorekin agertokian egondakoa, eta azken aldian, The Hi-Risers taldearekin, Bo Diddley adiskide zena omentzen aritu dena. Oso ezberdinak izanagatik, biak abeslari bikainak, indartsuak eta senekoak dira, eta biltzeko ideia oso erakargarria zen. Petti eta Whitfield folk, country eta rock eta bluesa musiken harribitxiak dira. Euskal Herrian eta Estatu Batuetan. Bera eta Boston, gaztetasuna eta esperientzia, euskara eta ingelesa, musikak loturik.

  • Promoziorako argazki honetan Whitfield eta Petti kantariak ditugu

Lotutako albisteak

Imagen
03.12.25
'Los perros' dantza ikuskizuna aurkeztuko Antzokian

‘Led Silhouette’ eta M. Morauren lana, ostiral honetan 20:30ean
Imagen
02.12.25
Ermua Antzokiak aurtengo lau estreinaldi eskainiko ditu

Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.
Imagen
01.12.25
Ermua Antzokiak eta Lobianok 19 ikuskizun eskainiko dituzte datorren urtarriletik maiatzera bitartean

Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu