Elkartasun ekimena: elikagaien euskal karabana Sahararren alde
Mendebaldeko Saharar herriarekin elkartasunerako plataformak herrian elikagaiak biltzeko aurtengo kanpaina hasi berri du, bildutako guztia Tindufeko errefuxiatuen kanpamenduetara bidaltzeko asmoz. Herriko plataformak otsailaren 1era bitartean oinarrizko elikagaiak bilduko ditu, Torrekua kaleko 3 etxabeko lokalean (Horacio denda ohian). Kanpaina hau ‘Mendebaldeko Sahararen aldeko euskal karabana ‘piztu itxaropena’ izeneko ekimenaren barne dago. Ekimenaren xedea bildutakoa Tindufeko (Aljeriaren hego-mendebaldeko lurraldean) errefuxiatuta daudenei bidaltzea da, haiek jasaten ari diren elikagai urritasun eta eskasiari aurre egiteko, azken boladan gabezia eta urritasuna oso gogorra pairatzen ari baitira. Kanpainaren berri emateko eta herriari elkartasun deia luzatzeko, informazio oharra jarri da herriko etxebizitzetako atari guztietan. Halaber, ekimena herriko ikastetxeen bitartez ere bideratu da, zentroek ere laguntza jaso dutelarik abenduan.
Produktuak: hegaluzea eta sardinak oliotan (latak), azukrea, dilistak, makarroi eta espagetiak, arroza eta konpresak
Horiek horrela, taldeko kide boluntarioek datorren otsailaren 1era bitartean, hegaluzea eta sardinak oliotan (latak), azukrea, dilistak, makarroi edo espagetiak, arroza, eta konpresak edo norberaren higienerako beste produktuak jasoko dituzte, aipatutako Zubiaurre kaleko lokalean. Produktuok goiz nahiz arratsaldez entregatu ahal izango dira, taldeak ezarri duen ordutegia ondokoa izanik: astelehenetik larunbatera goizez 10:30etatik 12:30etara eta arratsaldez 18:00etatik 20:00etara. Larunbat arratsetan ez da bilketarik egiten.
Iragarki-oholari egindako loturaren bidez, etxebizitzetako atarietan jarritako informazio oharra eskaintzen dugu, horretan jarritakoa hitzez hitz irakurri nahi duenarentzat.
Lotutako albisteak

Herritarrok ekarpenak egin ahal izango ditugu datorren ekainaren 10era arte

Baliabide ekonomiko nahikorik ez duten pertsonentzat, hileko diru-sarreren arabera

Euskaraldiaren baitan, 9etatik 21etara doan bisitatu daiteke igandera arte