Marcos Gimeno finantzazio eske '131 AZA. Palindromo ariketak' liburua argitaratzeko
Markos Gimenok herri ekimena abian jarri du herritarron finantzazioa eta ekarpen txikiak –crowdfunding- jaso asmoz, palindromo ariketak izango dituen liburua argitara emateko. Helburua ‘Zerorajasoa blogean garatutako palindromo ariketak paperera ekartzea’ dela dio. Eta ‘Erantzun palindromikodun 131 enigmaz osatutako liburua izango da, edizio berezi eta txukunean. Zure ekarpenarekin inprimaketa posible egingo duzu, eta ale bat etxera eramango’ dugula agintzen digu, ‘beste opari batzuekin batera’. Ermuarrak proiektuarekin bat egin eta lagundu nahi dioen jendearen ekarpen ekonomikoak –txikiak- biltzeko ekimena abian jarri berri du, ‘Verkami’ plataformaz baliatuz. Verkami ideia eta proiektu interesanteak dituzten ekintzaile askoren bilgune da, horiek eta horiei lagundu nahi dieten diziplina artistiko eta sortzaile anitzeko pertsonak harremanetan jartzen dituenak, proiektuok gauzatzerik izan dezaten. Izatez, artista, sortzaile, diseinatzaile, talde eta beste askorentzat ohiko finantzazio iturrien bestelako aukera da. Publikoarekiko konplizitatean oinarrituriko eredua da, kultura kontsumitzeko esperientzia berria, militantzia eta mezenasgoa ukituak dituena.
Oraindik astelehenero elikatzen eta osatzen jarraitzen duen ‘Zerorajasoa’ blogean prestatu eta bertsio digitalean eskaini izan duen materiala biltzea eta liburua argitaratzeko gutxienez 3.000 euro biltzeko proposamena egin du Markos Gimenok. Eta ale horri inoiz argia ikusi ez duten beste bost ariketa erantsiko dituela agindu digu Markosek. Gimenok beharrezko duen diru kopurua berrogei egun baino lehenago biltzeko jomuga jarri dio bere buruari eta astelehenean abiarazi zuenez kanpaina, gaur barne izanaik 37 egun falta dira epea betetzeko. Hiru egunetan herena baino gehiago batu du ermuarrak, gaur eguerdira artean eta lerro hauek idaztean berrogeita bost lagunek emaniko 1.185 euro baitzituen. Berrogeita bostek bere proiektuan sinetsi eta babesa eman diotenak. Markosek inprimaketa posible egingo duzu babes eta ekarpenen truke, ‘ale bat beste opari batzuekin batera etxera eramatea’ posible dugula agintzen digu. Horien artean ‘eskuz egindako orri markatzaileak, liburu aleak –sinatu eta dedikatu eta guzti- liburuxka eleanitzak euskara, gaztelera, katalanera eta ingeles hizkuntzatara itzuliko baita.
Liburua maiatzaren erdian aurkezteko asmoa du Ermuan eta L''Hospitalet de Llobregaten
Gimeno ekintzailea aitzindaria dugu gure herrian honako ezaugarri eta proposamena aurrera ateratzen eta, ermuarrak ezagututa, ziurtzat jo daiteke helburua beteko duela, Ermua betidanik oso herri solidario baita. Proposamenak merezi duela, noski, erantsi beharrik gabe. Horrez gain, laguntza emateko modu erraz eta aukera zabala ezarri du, ekarpenak 5, 15, 20, 35 edo 75 eurokoak izan baitaitezke, aukeran norberarentzat. Modua erraza eta segurua da, paypalez edo kreditu txartelaz ordaindu daitekeelarik. Eta, tamalez, kopurua osorik estaliko ez balitz, inori ez zaion ezer kargatu edo kenketarik egingo. Ba al dago gehiago eskatzerik? Autore eta sustatzaileak liburua Ermuan aurkezteko asmoa du –maiatzaren 12an euskal liburu eta disko azokaren barne- eta L''Hospitalet de Llobregaten, Nazioarteko Palindromista Klubak maiatzaren 17an egingo duen topaketan.
Markos Gimeno Vesga Ermuan sortu zen, 1974an. Palindromogilea da 1999 geroztik. 2007an Zerorajasoa bloga sortu zuen, bere txokoa sarean, astero elikatu eta osatzen jarraitzen duena. CPI-International Palindromist Clubeko kide aktiboa da. Euskal Birusa elkartearen kide eta Webgune administratzailea. Musika eta antzerki munduan ere aritzen dena, PAM PutoAmoakMatematiketan –antzinako Julio Kageta- rock taldean baxua jotzen dut eta Markus y Juanmanolo umore bikotearen erdia naiz. Aktore eta interpretea.
Palindromo –grekotik- deitzen zaio ezkerretik eskumara eta alderantziz –edo atzetik aurrera edo aurretik atzera- irakur daitezkeen hitza, zenbaki edo esaldia. Zenbakien kasuan horiei palindromo euskaraz eta ‘kapikua’ gazteleraz deitzen diegu.
Proiektuaren deskribapena
Liburuak 131 palindromo ariketa jasotzen ditu, gehienak azken urte hauetan Zerorajasoa blogean plazaratutakoak eta baita inoiz argitaratu gabeko bost ariketa ere.
Palindromo ariketak enigma bereziak dira: pistei jarraituz ezkutuko palindromoa da aurkitu behar dena. Zerorajasoa blogean asteleheneroko aza dira ariketok.
Bazen garaia lan hau liburuan biltzekoa, eta ahalik eta txukunen.
Nolakoa izango da liburua
Liburuarekin batera liburuxka bat ere badoa palindromoen itzulpenekin. Gehigarri honek 131 palindromoen itzulpenak jasoko ditu lau hizkuntzetan: gaztelera, frantsesa, ingelesa eta katalana.
Tirada 500 aleko izango da. Verkami kanpaina honetan parte hartzen duzuenon artean banatuko dira. Gainontzekoek liburutegi eta liburudendetarako bidea hartuko dute, salgai jarriz.
Dirua zertan erabiliko den
3000€ hauekin inprimatze lana ordainduko da, baita liburuarena eta baita itzulpenen liburuxkarena ere. Eta itzulpengintzako gastuak ere bai. Oparietarako poltsa serigrafiatuak ere diru horrekin ordainduko dira, eta jakina, bidalketa gastuak ere aurre egingo zaio bildutakoarekin.
Epeak
Apirilaren erdialdean kanpaina hau ondo bukatzen bada, hau da, dirua jasotzea lortuz gero, maketazioari azken ukituak eman (mezenasen izenak sartu) eta inprentara!
Maiatza hasieran aleak zuon artean banatzen hasteko moduan egongo naizela uste dut. Postaz jaso ordez eskura jaso nahi baduzu, bi aukera izango duzu hurrengo liburu aurkezpen ofizialetan:
- Maiatzaren 12an Ermuko Euskal Liburu eta Disko Azokan.
- Maiatzaren 17an Nazioarteko Palindromo zaleen Klubaren topaketan, L''Hospitalet de Llobregaten.
Lotutako albisteak

Baliabide ekonomiko nahikorik ez duten pertsonentzat, hileko diru-sarreren arabera

Euskaraldiaren baitan, 9etatik 21etara doan bisitatu daiteke igandera arte

Ostiraleko 20:30etan, gazteleraz. Sarrerak 8 €uro balio du