Modu kaskarrean dauden bideak asfaltatzeko obren bigarren fasea hastear dago
Aste honetan hasiera emango zaie modu kaskarrean dauden bideak asfaltatzeko obren bigarren faseari, Udal Bulego Teknikoak aditzera eman duenez. Hamar dira berritu beharreko kale zatiak eta lana Pavisa izeneko enpresak egingo du, 142.000 euroren truke, zergak barne. Enpresak kontratua irabazi du baldintza berberetan proposamen merkeena aurkeztu izan duelako, lehiaketara aurkeztu ziren hiruetatik. Lanak 206.520 euro balio izango zutela aurreikusi eta enkantera atera ziren, prezio horretan, Pavisak eskaintzarik onena egin zuen, segidan AOSA (Alfaltados Olarra) izeneko geldituz, 149.727 euroren proposamenarekin eta, azkenik, hirugarren eta azken Lasuen geldituz, 169.811,71 eurogatik egitea planteatu eta gero.
Lanei bihar –urriaren 22ko asteazkenean- emango zaie hasiera eta hiru fase ezberdinetan gauzatuko dira. Lanak Ongarai eta Zerukoan hasiko dira. Segidan Ongarai, Errebalburu, Aldapa, San Pelaio eta Zerukoako auzoetako zonaldeetara pasatzeko. Eta azkenik, Valdepina Markesa, Iparragirre eta Santa Ana auzo eta kaleetako zatiei helduko zaie. Lanak goizeko 8etan hasiko eta arratsaldeko 6etan amaituko.
Aipaturiko kale zatietan lurra fresatu egingo da lehenik, -ikus erantsi ditugun planoak- gaizki dauden arketa eta ur-kutxatilak altxatuz. Ondoren asfalto berria jarriko da eta seinale horizontalak pintatuko dira.
Udaltzaingo, Pavisa eta Bulego teknikoko ordezkariek bilduta egon dira gaur koordinazioa eta pausoak lotze aldera, lanak herritarroi ahalik eta gutxien eragin diezaguten. Nolanahi ere, eragozpenen bat edo beste izango dugu, trafiko nahiz pertsonei eragingo baitigute lanek. Hori horrela, herritarron laguntza eskatu digute. Bileran kale mozketak, desbideratzeak eta aukerak aztertu dituzte eta, baita garaje ukituak, seinaleak, eta abar… lanean jartzerako guztia aldez aurretik prest eduki ahal izateko eta ukitutakoek aukerak edukitzeko.
Pavisak oharrak jarriko ditu auzo horietako ibilgailu nahiz portaletan, aurreko paragrafoan adierazitako zonalde eta kronologiari jarraiki. Oharra 48 ordu lehenago ematen saiatuko dira, herritarrok obren berri izan eta eragozpenei aurre egin ahal izateko.
Lotutako albisteak

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera

Aurreikusitako bost hilabeteko epean amaituko dira eraikuntza lanak

Eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta eraikinaren kontsumoa optimizatzeko urrats bat gehiago da