Emakumeen Nazioarteko Egunerako kartela aurkeztu du Ermuak
Datorren martxoaren 8an ospatuko da Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta urtero bezala, Ermuan badugu egun berezi hori iragartzeko kartela. “Conceptos” du izena, eta Rubén Lucas García diseinatzaile grafiko murtziarraren lana da.
Guztira 18 lan aurkeztu dira Berdintasun Sailak eta Berdintasun udal Kontseiluak antolatutako lehiaketara. Hamabost pertsonak hartu dute parte –4 emakumek eta 11 gizonek–, eta horietatik bost ermuarrak dira (3 gizon eta 2 emakume).
Sei pertsonak osatu dute garailea hautatu duen epaimahaia, tartean, Beatriz Gamiz Berdintasun zinegotzia eta Begoña Fernandez gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako udal teknikaria. Hautaketa prozesuan erabili diren irizpideak honakoak izan dira: mezua, obraren eduki sinbolikoa, itxura edo erakargarritasuna, lana gauzatzeko erabilitako teknika, funtzio dibulgatzailea, originaltasuna eta freskotasuna.
Aurkeztutako 18 lanetatik abiatuta, epaimahaiak lehenik sei aukeratu ditu, eta horietatik, gero, hiru finalistak. Obrak uneoro zenbakiekin identifikatuta egon dira, eta epaimahaikideek ez dute autoreen nortasunaren berri izan prozesu osoan.
Azkenik, sei kideek aho batez erabaki dute 11 zenbakidun lana, “Conceptos” izenekoa, izango dela Ermuan martxoaren 8a iragarriko duena. Sarraila zabaltzen duen giltza irudikatzen du kartelak, eta giltzatakoa zortzi zenbakia osatzen duen espiral formako kordela da. Fondoa lila kolorekoa da, emakume feministen borrokaren sinboloa baita, eta “2016ko martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna – 8 de marzo de 2016, Día Internacional de las Mujeres” leloa darama.
Emakumeen borroka, 8 zenbakiarekin eta atea zabaltzen duen giltzarekin irudikatuta, eskubideak modu unibertsalean lortzeko bide bakarra dela adierazi nahi du kartelak. Gainera, beste ikuspuntu batetik begiratuta, jabekuntzara bidea euren kabuz egiteko gonbita luzatzen zaie emakumeei.
Arlo teknikoari dagokionez, obra xumea eta sinbolikoa da, lehen begiradatik ideia garbi transmititzen duena. Lan orekatua da, egokia bai itxuran, baita edukian ere.
Gutun-azala zabaldu ostean, obraren egilea Rubén Lucas García murtziarra dela jakin da. Diseinatzaile grafikoa da, eta eskarmentu handia du jaietako eta egun berezietako kartelak egiten, bere blogean erakusten duen moduan. Gainera, Lucasek sari ugari irabazi ditu bere lanekin, eta kartel honi esker bere curriculum borobila luzatzen jarraitzen du.
Lotutako albisteak

Udaleko Berdintasun Sailak Santixauen diagnostikoa egiteko inkesta jarri du abian maiatzaren 17a arte

Zerbitzu gehienak itxita egongo dira datozen jai-egunak tarteko

Ostiraleko 18:00etan, Lobiano Kulturgunean Zehar Errefuxiatuekin elkartearen "Entretejidas" proiektuaren baitan