Lan erdiak baino gehiago eginda Okin Zuriko obretan

23.02.16
Hirigintza

Jada lau aste igaro dira Okin Zuriko espaloia eraikitzeko lanak hasi zirenetik, eta erritmo onean doaz aurrera. Aurreikusita bezala, indusketa lanak egin dira lehenbizi, ezponda egonkortu ahal izateko. Horri jarraiki, saneamendua biltzeko hodia lurpean kokatu da, eta egunotan espaloiaren plataformari eutsiko dion oinarria eraikitzen ari dira langileak.

BI-2301 errepidean ari dira lanean, Okin Zuriko aparkalekutik eta Abelleira txatartegi zaharrera bitartean; ondorioz, ezkerreko erreia itxita dago, eta txandakako pasoa semaforoekin erregulatuta dago. Horixe da obrek eragiten duten eragozpenik handiena, baina ez du aparteko arazorik eragiten. Bestalde, ibilgailuez gain, oinezko asko igarotzen dira gune hartatik egunero, Hambreko gasolindegira, kanposantura, ehorztetxera, Trabakuara eta abar joateko. Horregatik guztiagatik, Udaltzaingoak obren espazioan arreta areagotzeko eskatu du.

Obrek sei asteko iraupena izango dutela aurreikusita dago. Gelditzen den bakarra egindako oinarriaren goiko aldea errematatzea, baldosak eta argiak jartzea eta urbanizatzea da. Espaloiak 80 metroko luzera eta bi metroko zabalera izango ditu, eta Okin Zuriko aparkalekua eta Abelleira txatartegiaren pareko bidea lotuko ditu. Gainera, Okin Zuri auzoko pista balioanitzaren eta aurreko espaloiaren artean altuera izango duen zebra bide bat egingo da, bi aldeetara segurtasunez gurutzatu ahal izateko, bihurgunetik urrun.

Proiektua hainbat erakunderen arteko elkarlanari eta kolaborazioari esker ari da gauzatzen, guztien artean ermuarron aspaldiko eskaerari konponbidea emateko. Uraren Euskal Agentzia –URA-, Bizkaiko Foru Aldundia eta Ermuko Udala koordinaturik ari dira lanean. Udalak denbora darama lanean nahi hori posible egin ahal izateko, arrazoiak argudiatuz, jo eta ke jardun izanaren ondorioz lortu izan duelarik hiru erakunde ados jartzea eta elkarlanean aritzeko koordinatzea.

Jarraian duzuen argazki galerian lanek egun duten itxura ikus dezakezue:

Lotutako albisteak

Imagen
23.02.26
Ermuak etxebizitzen birgaitzea, alokairua eta eraginkortasun energetikoa bultzatuko ditu eskualdeko bulego ibiltariaren bidez

Herritarrek aholkularitza izango asteartero 8:15etik 12:15era Abiapuntu bulegoan; aldez aurretik hitzordua eskatu behar da
Imagen
20.02.26
Ermuak Bide Berdearen proiektua aurkeztuko du eta herritarren ekarpenak jasoko ditu

Datorren astelehenean talde erredaktorea Lobiano Kulturgunean izango da arratsaldeko 18:30etatik aurrera
Imagen
18.02.26
San Antonioko igogailu berriak auzoko irisgarritasuna hobetuko du

Igogailuak Gipuzkoa Etorbidea kalea eta horren goiko aldeko 10 Bis, 12 Bis eta 14 atariak lotzen ditu, eta etorkizuneko Bide Berderako sarbidea erraztuko