La verdad duele eta El abrazo de la serpiente filmekin amaituko da martxoko programazio komertziala
Ohiko zineklub saioarekin hasiko da aste honetako zine programazioa, eta jaieguna izan arren, ostegunean Charlie Kaufman eta Duke Johnsonek zuzendutako “Anomalisa” zoragarria ikusteko aukera izango da.
“Anomalisa” helduentzako animaziozko pelikula harrigarria da, eta Oscar sarien azkenengo edizioan izendatuta egoteaz gain, Veneziako Zine Jaialdiko epaimahaiaren sari nagusia eskuratu du. Marrazki bizidunak izateak ez luke pelikulaz gozatzea eragotzi behar; istorio oso-oso humanoa agertzen da bertan, burutik atera ezin diren horietakoa. Michael motibatzaile profesionala da, eta jendeari bere bizitzaren inguruan duen ikuspuntua hobetzen laguntzen dio. Baina bera ere etsitzear dago, eta neska gazte batekin topo egitean, bizitza aldatzeari ekingo dio. “Anomalisa” ostegunean 20:30ean eskainiko da jatorrizko bertsioan azpitituluekin.
Zine komertzialari dagokionez, programazioa larunbatean 19:30ean hasiko da “El abrazo de la serpiente” filmaren lehen emanaldiarekin. Abenturazko film entretenigarri hau atzerriko pelikula onenaren Oscar sarira izendatuta egon da, eta hainbat jaialditan saritu dute, esaterako, Liman eta Mar de Platan. Inguru arrotz bateko abenturak –Amazonetako oihana, kasu– eta egitura narratibo interesgarria uztartzen ditu “El abrazo de la serpiente” zintak. 40 urteko aldearekin bi espediziok egindako bilaketa kontatzen du; biek ustezko propietate medikuak dituen landare arraro bat aurkitu nahi dute. Bi istorioen arteko lotura xaman indigena xelebre batek egingo du. Abenturazko pelikula onenen xarma maila altuko kalitate artistikoarekin batzen du filmak; hipnotikoa, sendoa eta oso originala. “El abrazo de la serpiente” larunbatean 19:30ean, igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean eskainiko da.
Asteburuko bigarren pelikula Peter Landesman zuzendariaren “La verdad duele” izango da. Will Smith aktore ezaguna du protagonista, eta intriga medikua batzen duen drama da. Futbol amerikarreko indarkeria eta kirol horretako izar askok zituzten gaixotasunen arteko lotura estua ikertu zuen doktore baten historian oinarritzen da. Will Smithen antzezpen paregabeari esker, pelikula oso erakargarria da, eta berehala harrapatzen du ikus-entzulea. Ederki landutako gidoia eta aktore sorta bikaina eskaintzen ditu, gainera. “La verdad duele” larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean ikusi ahalko da.
Azkenik, haurrentzako saioari dagokionez, igandean 17:00etatik aurrera eskainiko da “Little boy”. Pasatu den mendeko 40ko hamarkadan, bizitzari aurre egin beharko dio mutiko batek, bere aita II. Mundu Gerra borrokatzera joan ostean. Abenturazko pelikula familia osoarentzat.
Informazio gehiago nahi izanez gero, jo Ermua Antzokiaren mikrositera.
Lotutako albisteak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan