'Irakurri, gozatu eta oparitu' ekimenaren hamargarren edizioa

31.03.16
Udal Liburutegia

Ostiral honetan, apirilak 1, Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako ‘Irakurri, gozatu eta oparitu’ egitasmoaren edizio berri bat jarriko da martxan; hamargarrena, zehazki. Ermuko udal liburutegiak, Maribel eta Xiripot liburu-dendek eta Euskal Birusa elkarteak bat egin dute, elkarlanean, egitasmoa aurrera eramateko.

Apirilaren 1etik maiatzaren 31ra arte iraungo du egitasmoak. Helburua irakurzaletasuna bultzatzea da, eta herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditu, irakurtzearen alde atsegina azpimarratuz eta liburutegi publikoen zerbitzuen erabilera sustatuz. Ekimenak parte hartzea saritzen du, liburuak erosteko abantaila ekonomikoak emanez, eta liburua opari bihurtzera gonbidatzen du.

Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira bertan parte hartzeko:

  1. Irakurri. Lehenengo pausoa euskaraz irakurtzea da. Horretarako, Ermuko udal liburutegira joan eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango da.
  2. Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira itzuli eta fitxa erraz bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua eta horren inguruko iritzia. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango digu, Maribel edo Xiripot liburu-dendetan erabiltzeko.
  3. Oparitu. Azken pausoa liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari. Liburutegian jasotako erosketa-txekeak euskarazko beste edozein libururen prezioaren %35 ordaintzeko aukera emango digu, ekainaren 11 arte.

Ekimena aurten 50 herritan izango da martxan. Aurreko bederatzi edizioetan frogatu denez, kanpainak eragin positiboa izaten du herritarrek herriko liburutegian egiten duten euskarazko liburuen mailegu kopuruan. Izan ere, egitasmoaren helburuetariko bat horixe da, euskaldunak liburutegi publikoen erabiltzaile bihurtzea. Era berean, ekimenak liburuen salmentan izaten duen eragina kontuan hartzekoa da.

Kanpainak iraungo duen denboran, euskarazko literaturarekin eta musikarekin lotutako bestelako ekimenak ere egingo dira. Esaterako, apirilaren 29an Anari abeslariak kontzertua eskainiko du liburu artean udal liburutegian.

Gainera, liburutegian maileguan hartzen diren lanekin batera, Patxi Zubizarreta idazleak gomendatutako 50 liburu zerrendatzen dituen diptikoa entregatuko zaie erabiltzaileei.

Informazio gehiago behar izanez gero, euskalbirusa@gmail.com helbidera idatzi dezakezue, edo 688632874 telefono zenbakira deitu.

Lotutako albisteak

Imagen
19.05.25
Zubi-Ondo enpresaren dokumentazio historikoa gehitu eta eskaintzen du Bertako bildumak

Liburutegiak familia fundatzaile baten ondorengoek utzitako dokumentazio baliotsua gehitu du
Imagen
16.05.25
Ivan Repila idazleak amaiera emango dio irakurketa klubari, saio irekian

Asteazkenean, hilaren 21ean, 19:00etan, izango da Lobiano Kulturgunean
Imagen
14.05.25
'Las maravillosas olvidas' tituluko poesia erretaldia

Datorren larunbatean, 18:00etan, Martxoak 8 plazan. Euria eginez gero, elizako arkupeetan.