10 milioi euro diru-laguntzetan energia eraginkortasuna hobetzeko eta energia berriztagarrien erabilera sustatzeko

21.04.16
Ekonomia eta Ogasuna

Etxetresna Elektrikoen Renove Plana maiatzaren 2an abiatuko da, eta 14.000 etxetresna ordezkatzea aurreikusten da

Energiaren Euskal Erakundeak diru laguntzen programak jarri ditu martxan energia eraginkortasuna hobetzeko eta energia berriztagarrien alorreko instalazio berriak sustatzeko. Programa horietara 10 milioi euro bideratuko dira. Horrela, zenbait sektoretan energia eraginkortasuna hobetzeko 1.100 proiektu baino gehiago bultzatuko dira, 14.000 etxetresna elektriko ordezkatuko dira eta horien ordez eraginkortasun handikoak merkaturatzen lagunduko da, eta energia berriztagarrien alorreko 170 instalazio berri egiteko aukera emango da. Horri guztiari esker, ekitaldi honetan, Euskadin urtebetean kontsumitzen den energia guztiaren % 0,5aren baliokidea aurreztuko da energian.

Aipatutako helburua lortzeari begira, 10 programa edo laguntza lerro ezarri dira, eraginkortasun handiko teknologien esparru zabala eta energia aurrezteko potentzial handia duten sektore kontsumitzaileak kontuan hartuta. Horretaz gain, energia berriztagarrien alorreko instalazio txikietan energia baliabideak ustiatzeko teknologietan inbertsioak ere diruz lagunduko dira.

Aurreikuspenen arabera, diru laguntza horiek 60 milioi euro inguruko inbertsioak eragingo dituzte teknologian, eraginkortasun handiko ekipamenduen erosketan eta energiari eta instalazioei lotutako zerbitzuetan. Horrek guztiak, gainera, lagundu egingo du hainbat merkatu dinamizatzen eta hornikuntza-eragileren jarduna.

Herritarrek gehien erabiltzen duten programa, Etxetresna Elektrikoen Renove Plana, maiatzaren 2an jarriko da martxan.

Energia eraginkortasunaren hobekuntza

Teknologian edo energia erosketa eraginkorrean egingo diren inbertsioek lagundu egingo dute energiaren erabilera egokia sustatzen sektore kontsumitzaileetan. Horrekin batera, energia faktura murriztea ekarriko duten aurrezpen kota handiak lortuko dira industrian, hirugarren alorrean, garraioan edo administrazio publikoan.

Hirugarren alorrean (merkataritza, eraikinak eta abar) 1,9 milioi euro emango dira diru laguntzetan, honako hauei begira: instalazio eta eraikinen energia eraginkortasuna hobetzeari, baterako sorkuntza sistemen ezarpenari eta energia auditoriak egiteari. 200 bat proiektu diruz laguntzea aurreikusten da.

Etxetresna Elektrikoen Renove Planari dagokionez, eraginkortasun handiko ekipamenduak etxebizitzetan zabaltzea edo sarraraztea da helburua; batez ere, linea zurikoak izenez ezagutzen diren etxetresna elektrikoak (hozkailuak, izozkailuak, garbigailuak eta ontzi-garbigailuak). Horretarako, 80 euroz lagunduko da energia kalifikazio handiena (A+++) duten etxetresna elektrikoen erosketa, eta 65 euroz A++ energia kalifikazioa duten etxetresnak.

Aurten, berrikuntza moduan, indukziozko plakak eta A+ energia kalifikazioa duten labeak erosteko diru laguntzak emango dira; zehazki, 65 euro. Era berean, A+++ kalifikazioa duten lehorgailuak ere 80 euroz lagunduko dira diruz.

Energia berriztagarriak

Ustiapen berriztagarri txikien ezarpenen sustapena lehenetsi da jarduteko tarte edo margen handia duten iturri eta teknologietan, hala nola biomasaren ingurukoak, geotruketakoak, elektrizitatea ekoizteko iturri berriztagarrien alorrekoak eta garapen bidean dauden itsas teknologiei lotutakoak. Horiek guztiak sustatzera 1,7 milioi euro bideratuko dira. Orotara, 170 proiektu berri diruz laguntzea aurreikusten da.

Laguntza programa guztiei buruzko informazioa, hemen.

Lotutako albisteak

Imagen
23.04.25
Aurtengo Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga ordaintzeko hilabete izango

Gure herrian dauden 8.268 motordun ibilgailuen titularrek apirilaren 30etik maiatzaren 30era izango dute borondatezko epea
Imagen
21.02.25
Ermuarrek hurrengo aurrekontuko 250.000 euroen erabilera erabakiko dute

Ermuak parte-hartze prozesua zabala irekiko du, 2026ko Aurrekontuaren %1 lau adin taldeek erabakitakoaren arabera banatzeko
Imagen
19.12.24
Udalbatzak ia 26 milioi euroko aurrekontua onartu du 2025erako

Proiektuak PSE-EE/PSOE eta EAJren aldeko botoak jaso ditu, Elkarrekin Ermuaren ezezkoa eta EH Bilduren abstentzioa