‘Mundu ibaginarioa’ aurkezten du Emakumeen Topalekuak

04.05.16
Berdintasuna

Ermuko Emakumeen Topalekuak erakusketa bateratu berezi batekin apaindu ditu bere hormak. Zirikatuz Feminista Taldea elkartearen ‘Mundu Ibaginarioa’ proiektua da, eta sexualitatea eta feminismoa artearen ikuspuntutik jorratzen ditu.

Artista ezberdinen artean osatutako erakusketa bateratua da, eta hainbat diziplina artistiko biltzen ditu: eskultura, collageak, pintura, komikia, argazkiak…

Erakusketak ez du inor epel utziko. Egun oraindik tabua da sexualitatearen gaia; askotan lotsa ematen du, eta beste hainbatetan, baztertzera ere iristen da. Hori dela eta, pertsona guztien sexualitateari ikusgarritasuna eman nahi zaio, naturaltasunez tratatu dadin. Gizaki guztion kontua da, eta ezin dugu alde batera utzi.

Artearen bitartez, erakusketak sexualitatea gainditzen duten galderak eragin nahi ditu, mitoak baztertzeko, aurreiritziak suntsitzeko eta bizitza eta sexualitate osasuntsu, libre eta gozagarria sustatzeko. Gainera, arte profesionalean, beste hainbat alorretan bezala, emakume artistak ikusezinak direla eta ez direla aintzat hartzen salatu nahi da.

Izaskun Zarrandikoetxea, Marian Puertas, Aintzane Aranguena, Iban Sainz, Julio Villalba, Lorea Oar, Saray Pérez, Nerea Ibarguren, Aintzane Ibarluzea, Myriam Cameros, Cristina Sáez, Katixa Goldarazena, Jesús Cortiñas eta María Seco dira margolanak, collageak, argazkiak, marrazkiak eta eskulturak aurkeztu dituzten artistak.

Erakusketa ongi ezagutzeko interesa duten pertsonentzat, maiatzaren 18an, arratsaldeko 17:30ean, artistek gidatutako bisita antolatu du Emakumeen Topalekuak. Nahi duen edonork parte har dezake doan. Gainerakoan, erakusketa zabalik egongo da maiatzaren 30era arte, Emakumeen Topalekuko ohiko ordutegian.

Jarraian erakusketako hainbat irudi ikus ditzakezue.

Lotutako albisteak

Imagen
20.02.26
Ermuak LGTBIQ+ diagnostikoa egingo du, politika publiko eraginkorrago eta eraldatzaileetan aurrera egiteko

Lana ‘Sudergintza’ kooperatibak egingno du eta udarako prest izatea espero da
Imagen
13.02.26
‘Tu voz’ tituluko lanak irabazi du ‘Martxoaren 8ko kartel lehiaketa

Eli Marín Gargalloren lana da eta ‘Martxoaren 8ko 'jardueren programaren azala izango da
Imagen
13.02.26
Berdintasunean bizi ezazu San Valentin

Kanpainak maitasuna aldarrikatzen du, berdintasunezko harreman osasuntsu eta aberasgarriak izanda