Badator bigarren Campus Teknologikoa, ‘Elkarlaneko Berrikuntza eta Sorkuntza’ izenpean
Ermuko Udaleko Toki Garapen alorrak Campus Teknologikoaren bigarren edizioa antolatu du. DBHko lehen eta bigarren mailako ikasleei zuzenduta dago ekimena, eta aurten ‘Elkarlaneko Berrikuntza eta Sorkuntza’ izango du ardatz. Campus horren helburua ermuar gazteak industriara eta teknologia berrietara gerturatzea da, eta parte-hartzaileak bi txandatan antolatuko dira: ekainaren 28tik uztailaren 8ra lehena, eta uztailaren 12tik 22ra bigarrena. Bi ikastaroak goizez egingo dira Izarra Centren.
Aurten, parte-hartzaileek diseinuaren eta programazioaren alor ezberdinetan formakuntza jasoko dute, ingurune birtualean proiektuak garatu eta tailerren azken egunean aurkezteko.
Ekintzaz eta dibertsioz betetako bi astek osatzen dute programa bakoitza. Ekimen gehienak Toki Garapen alorreko instalazioetan burutuko dira, baina autobusez irteerak ere egingo dira: Tabakalerako Hirikilabera, VirtualWare Group enpresaren showroomera, AICra (Automotive Intelligence Center) eta Microdeco enpresara. Azken horretan, gazteek enpresaren produkzio prozesua, helburuak eta proiektuak ezagutuko dituzte. Bisita aprobetxatuz, beharrezko material grafikoa bilduko dute, gero bideojokoetako motorra, 3Dn modelatzeko erremintak eta marrazki digitalak –gamepadekin kontrolatu eta errealitate birtualeko dispositiboekin ikusi– erabiliz ingurune birtualean txertatzeko.
Izena emateko epea astelehenean zabalduko da, ekainaren 13an, eta ostiralean itxiko da, hilaren 17an. Eskaerak Abiapuntuko bulegoan beteko dira, 8:00etatik 15:00etara. Ekimena doakoa da, baina plazak mugatuak dira. Eskaera kopurua espero baino handiagoa bada, zozketa egingo da eta Udalaren iragarkien oholean argitaratuko dira emaitzak ekainaren 21ean, asteartea. Gogorarazi nahi da pertsona bakoitzak eskaera bakarra aurkeztu ahal izango duela, talde bakarra hautatuz; bat baino gehiago entregatuz gero, eskaera guztiak baliogabetuko dira. Gainera, baliteke programetan aldaketak egotea.
Campusa Eusko Jaurlaritzarekin batera finantzatuta dago, eta horren helburua gazteen artean ekintzaile kultura bultzatzea eta babestea da, inguruko industriarekin modu dibertigarrian parte hartuz. Kofinantzatutako ekimenen barne dago, era berean, “Izarrako larunbat teknologikoak” Klub Teknologikoaren sorrera. Hori ere DBH 1 eta 2 mailetako ikasleei zuzenduta egongo da, eta udako campuseko gai berari helduko zaio: Unity 3Drekin ingurune birtualen garapena eta enpresan izan dezakeen erabilera.
Informazio gehiagorako, 943 17 91 51 telefonora deitu edota dl@udalermua.net helbidera idatzi daiteke.
Lotutako albisteak

Enplegu-agentzia da irtenbidea; doako bitartekaritza-zerbitzua da, zeina hobetu egin duen

Kualifikaturik dauden pertsonentzako programa, enplegurako bi ibilbide dituena

Jardunaldiak ekainaren 11n eta 12an egingo dira Izarra Centren