Festan Blai ekimena ospatuko da Ermuan, gaztetxoen artean euskararen erabilera sustatzeko
Antxintxiketan aisialdi taldeak Festan Blai ekitaldia antolatu du ostiral honetarako, uztailak 15, Ermuko Udalarekin elkarlanean. Festa koloretsu baten bitartez 13 eta 16 urte arteko gaztetxoen artean euskararen erabilera bultzatzea da helburua. Ekimena 2016ko Santixau jaietako programaren barne dago, eta aipatutako adin tarteko pertsonei zuzendutako ekitaldi nagusia izango da.
Festa bihar, ostirala, 22:00etan hasiko da Martxoak 8 plazan, eta goizaldeko ordubatak arte musika jarriko du DJ Markelinek. Bertaratzen direnek musika, lehiaketak, photocalla, opariak eta ondo pasatzeko aukera ezin hobea topatuko dituzte.
Antxintxiketan taldeko begiraleek bi postu kokatuko dituzte plazan, eta pegatinak banatuko dituzte parte hartu nahi dutenen artean. Horietan abesti euskaldunen letra zatiak agertuko dira, eta abesti berberaren beste zatia duen pegatina daraman pertsonarekin elkartu beharko dute sariak eskuratzeko. Koloretako txapelak, betaurrekoak eta argidun pultserak banatuko dira, esaterako.
Bestalde, festara doan edonork photocallean argazkiak ateratzeko aukera izango du. Gainera, irudiak Instagram sare sozialean partekatuz gero, festan egongo den pantaila handian agertuko dira.
Antxintxiketaneko kideek azaldu dutenez, “jaietan ez dago DBHko gazteei zuzendutako bestelako ekintzarik, eta garrantzitsua iruditzen zaigu horiek ere euren lekua izatea Ermuan euskaraz gozatu ahal izateko”. Gazteengan euskararekiko motibazioa eta euskararen erabilera sustatzea da taldearen helburua, horretarako eremu naturala sortuz. Eta horretaz gain, gazteei herriko jaietan leku propioa emateko asmoa ere badu, giro euskaldun eta osasuntsuan jaiez gozatzeko aukera emanez. Euskal Birusa eta Euskaltzaleen Topagunea Antxintxiketanekin lankidetzan aritu dira ekimena prestatzen, eta proiektuaren sortzaile den Kultur Kabia enpresaren babesa izan dute uneoro.
Izan ere, Festan Blai hiru aldiz ospatu da Donostiako Aste Nagusian, eta birritan Irungo San Martzial jaietan, eta esperientzia guztiak oso positiboak izan dira. “Giro paregabea sortzen dela ikusi genuenean, ez genuen inongo zalantzarik izan: ekimen horrek Ermuan arrakasta izango luke!”, diote Antxitxiketaneko begiraleek.
Lotutako albisteak

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan

Txapelketak izaera ludikoa izango du, ekainean jokatuko eta izen-emateak maiatzaren 20ra arte egin daitezke

Aste honetan "La chica de las Aguja", "Por todo lo alto", "Un funeral de locos" eta "La Luz de Aisha" proiektatuko ditu