XI. Toki-Garapeneko Astea abian da
Ermuko Toki-Garapeneko Astearen hamaikagarren edizioa martxan da gaurtik hasi eta larunbatera arte. Ekitaldiaren irekiera Izarra Centreko auditorioan izan da gaur goizean, Carlos Totorika alkatearen eskutik. Lau egunez, herritarren parte-hartzea, iraunkortasuna, eraldaketa eta teknologia izango dira hizpide.
Ekitaldiaren hasieratik, Make It Visual enpresako gazteek, Izarra Centren lan egiten dutenek, Thinking Visual deitutako praktika martxan jarri dute. Jardunaldian jorratzen diren gaiak eta ideia nagusiak mural batean marrazten dabiltza, amaieran begi bista batean jardunaldiaren ikuspegi orokor bat izateko helburuarekin.
Jardunaldiak "Herritarren Parte-hartzea Sustatzen" gaiarekin hasi dira. Alkatearen hitzetan, jorratzeko gai garrantzitsua da baina herritarrentzat ulertzeko "gai konplexua" da. Horretarako, gaurko jardunaldian Igor Ahedo adituak hainbat gako eman dizkigu gaia ulertzeko eta gure egunean praktikan jartzeko.
“Partaidetzaren gaiari garrantzia eman nahi diot, gaztetik horretan lanean ibili nahiz eta. Hainbat mugimendutan parte hartu izan dut, ikasle mugimenduetan, Deustuko emakume feministekin… Alkate lanetan sartu nintzenean, gustuko nuen gaia zen, eta lan ildo ezberdinak jarri genituen martxan, denon parte-hartzea sustatzeko. Bidearen zati bat eginda dugu, baina hala ere lanean jarraitu behar dugu hobetzen jarraitzeko", azaldu du.
Egun Ermuan martxan dauden bi adibide jarri ditu Carlos Totorikak, agente ezberdinen arteko lankidetzarekin eta lan kolektiboan prestatu direnak. Horien artean, Hiri Hezitzailea eta Hiri Adeitsua Pertsona Nagusiekin proiektuak daude. Agente ezberdinekin zuzenean lan egin da estrategiak sortu eta lantzeko, gaiaren arabera, teknikoekin, politikoekin, eskolekin, liburutegiarekin eta umeak edo pertsona nagusiekin batera.
Alkateak azpimarratu duen moduan, “gardentasuna eta parte-hartzea modan dauden hitzak dira, eta egungo gizartearentzat oso lagungarriak dira. Denok lantzeko gaiak dira, erakunde publikoak kudeatzeko modua aldatzen laguntzen digute eta eredu publiko berritzailea izatera bultzatzen gaituzte. Eredu berritzaile bat izateak, eredu publikoa egiaztatzen baitu. Parte-hartzea gakoa da, eta denon borondatea beharrezkoa da horretarako, garrantzitsuena taldean lan egitea eta bide berdinean ibiltzea baita. Erakunde barrutik parte hartuz, kanpora heltzeko, herritarrentzat. Horrela, parte-hartzea denon artean eta denontzat sortuz".
Lotutako albisteak

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n

Enplegu-agentzia da irtenbidea; doako bitartekaritza-zerbitzua da, zeina hobetu egin duen

Kualifikaturik dauden pertsonentzako programa, enplegurako bi ibilbide dituena