‘Un golpe con estilo’ eta ‘La Bella y la Bestia 3D’, asteburu honetan Ermua Antzokian
Ostegun honetan asteko zine programazio berria hasiko da Ermua Antzokian ohiko zineklub saioaren eskutik. Jan Hrebejk zuzendariaren La profesora film eslovakiarrak emango dio hasiera asteko programazioari; pelikula adimentsua, balore unibertsal ugari bikaintasunez islatzen dituena. Irakasle berri bat iritsi da Bratislavako behe-auzoetako ikastetxe batera, hezkuntza komunitate osoan kaosa eraginez. Baina baldintzatzaile sorta argi batek ez dio zuzendaritzari egoera konpontzeko neurriak hartzen utziko. La profesora interpretazio ezinhobeek eta irakaskuntza ahaztezinek markatutako pelikula da, eta ia beharrezkoa da ikustea. Ostegunean 20:30ean eskainiko da filma, jatorrizko bertsioan azpitituluekin.
Zine komertzialaren programazioari dagokionez, larunbatean hasiko da 19:30etik aurrera Rosalie Blum komedia frantziarraren lehen emisioarekin. Julien Rappeneau zuzendariaren lana Camille Jourdy idazlearen izen bereko komiki arrakastatsu batean oinarritzen da. Vincent hogeita hamar urte inguruko gizona da, ileapaindegiko lanaren, bere katuaren eta ama berekoiaren artean harrapatuta dagoena. Egun batean, ordea, Rosalie Blum ezagutuko du, bizitzarekiko duen ikuspuntua aldatuko dion emakume arraroa. Dibertigarria, mamitsua eta alaia, Rosalie Blum plazer freskoa da, umorea eta emozioa uztartzen dituena. Gijoneko Zine Jaialdian ikuslearen saria eskuratu zuen pelikula honek, eta larunbatean 20:30ean, igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean eskainiko da Ermuan.
Asteburuan emitituko den bigarren filma Un golpe con estilo estatubatuarra da, Zach Braffek zuzendua eta aktore sorta bikaina duena: Morgan Freeman, Michael Caine eta Alan Arkin. Jubilatutako hiru lagun aurrezkirik gabe gelditzen ari dira, krisiaren ondorioz, euren pentsio funtsak izozten dituztenean. Fakturak ezin ordainduta eta desesperatuta, euren dirua berreskuratzea besterik ez dute nahi, eta guztia arriskatu eta plan izugarri bat burutuko dute: euren diruarekin gelditu den bankuan bertan lapurreta egitea. Thrillerra eta komedia eskutik doaz pelikula atsegin, eder eta liluragarri honetan, eta ikus-entzuleek gehiago ikusteko gogoz amaituko dute filma. Un golpe con estilo larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean eskainiko da.
Igandeko haurren saioari dagokionez, 17:00etatik aurrera La Bella y la Bestia 3D filma ikusteko aukera izango da. Disneyren pelikula klasikoaren bertsio berria haur nahiz helduentzat modukoa da, teknika, azkartasuna, koreografia eta dantza ikusgarriekin jantzita baitago. Arrakasta handia lortu duen filma da.
Azkenik, gogorarazten dizuegu oraindik ere posible dela hileko zine bonoa eskuratzea 14,40 euroren truke.
Informazio gehiago eskuratzeko, kontsulta ezazu Ermua Antzokiaren mikrositea.
Lotutako albisteak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan