Bi gurpilen gainean abiatuko da iraila Ermuan

31.08.17
Gizartea

Ermuko eta inguruetako motorzale guztiek badute plana larunbat honetarako, irailak 2. Te Gusta La Ruta? Ermua elkarteak hirugarren urtez jarraian motorren kontzentrazioa antolatu du gure herrian, abiaduraz gain, gustu guztientzat moduko musika, gastronomia eta kultura uztartuko dituena egun osoan zehar.

Ekimenak 14:00etan piztuko ditu motorrak Orbe Kardinala plazan, festa guztiaren erdigunean, motor ibilbidean parte hartzeko izen-ematea zabaltzearekin batera. Ordu eta erdi inguruko bira izango da, eta bertan parte hartzen duten pertsonek Elgetan egingo den geldialdian pintxo bat jan eta taldeko argazkia ateratzeko aukera izango dute. Izen-ematea zortzi eurokoa izango da, eta ibilaldiaz gain, 19:30ean egingo den parrilladarako txartela, opari bat eta gauean zozketatuko diren beste hainbat produktu lortzeko txartel bat izango du barne, besteak beste, eskularruak, kaskoak, berokiak eta afaltzeko txartelak.

Motorren ibilaldiaren ostean, parte-hartzaileei harrera egingo zaie 17:30ean Orbe Kardinala plazan batukadaren eskutik. Baina ez dira festaz gozatzeko aukera izango duten bakarrak izango; izan ere, Te Gusta La Ruta? Ermua taldeak hiritar guztientzat moduko ekintzak antolatu ditu. 18:00etan, esaterako, Ucas de Arrate Erreskaterako eta Salbamendurako Txakurren Unitatearen erakustaldia izango dugu plazan. Talde horretako txakurrak hondakinen edo luizien azpian gelditu diren biktimak edota mendian galdu diren pertsonak ahalik eta azkarren topatzeko entrenatuta daude.

19:00etan musikaren txanda izango da, eta Los Indomables taldeak kontzertua eskainiko du Orbe Kardinala plazan. Jarraian, 19:30ean, parrillada hasiko da, eta motorren ibilaldian parte hartu duten pertsona guztien artean opariak zozketatuko dira.

Programazioa 22:00etan amaituko da, baina antolatzaileek adierazi dutenez, festak Ermuan jarraituko du.

Aipatutako ekimenez gain, egun osoan zehar Orbe Kardinala plazan postu ezberdinak egongo dira, motoen, tatuajeen eta piercingen ingurukoak, batez ere. Marcan Huella eta Katubeltz txakurren eta katuen aldeko elkarteek ere euren postuak izango dituzte plazan, baita Ermuko Minbiziaren Kontrako Espainiako Elkartearen taldeak ere (AECC). Gainera, festara gerturatzen diren neskato-mutikoek puzgarriez gozatzeko aukera izango dute.

Ermuko Udalaren, Marcan Huella elkartearen eta Ermuko eta Eibarko hainbat merkatariren babesa du ekimenak. Azken horiek, diru-laguntzaz gain, zozketatu ahal izateko produktuak eskaini dituzte.

Lotutako albisteak

Imagen
03.12.25
Langabeentzako lan-orientazioko programa abian da

Lau hilabete iraungo du, martxora arte, eta inskripzioak zabalik daude
Imagen
03.12.25
'Los perros' dantza ikuskizuna aurkeztuko Antzokian

‘Led Silhouette’ eta M. Morauren lana, ostiral honetan 20:30ean
Imagen
02.12.25
Ermua Antzokiak aurtengo lau estreinaldi eskainiko ditu

Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.